Algortako Bertso Eskolak Bertso Jaialdi Mundiala bertso-saio famatua antolatu du. Bihar, hilak 8, 19:00etan izango da Getxoko Muxikebarrin (Ereaga Aretoan).
Bertso Jaialdi Mundialaren 28. edizioa izango da aurtengoa, eta bertan, Jone Uria, Xabat Illarregi, Alaia Martin, Sustrai Colina, Etxahun Lekue eta Maialen Lujanbio bertsolariak arituko dira.
“Gaia, sekretu bat da; bertsolariak, lehen mailakoak. Barruan gertatzen dena, ezin da aurreikusi. Bertso Jaialdi Mundialak mende laurdena darama Getxotik bertsolaritza etengabe berritzen, eta aurtengo edizioak ere ildo berari eutsiko dio. Jaialdi esperimentala da, non txispak, umoreak eta ustekabeak gidatuko duten saioa, eta publikoa ere proposamenaren parte aktibo bihurtuko da.”
