Nontzeberri

Alfred Hitchcock, pantaila handian

Alfred Hitchcock zinegile britainiarrak 1959an filmatutako North by Northwest filma pantailaratuko dute Bilbon, BBK Aretoan, bihar, asteazkena, 20:00etatik aurrera, jatorrizko bertsioan eta gaztelaniazko azpitituluekin. Emanaldia Arrebato Zinemarekin batera ondu dute.

North by Northwest filma suspensearen maisuaren lan onenetakoa dela esan ohi da. Cary Granten aktore lana, halaber, bikaina. Filmak hiru izendapen jaso zituen Oscar sarietan: Jatorrizko gidoirik onena, Muntaia onena eta Zuzendari onena. Filma gure memorietan iltzatutako sekuentzia eta irudi mitikoekin josita dago.

BBK Aretoaren arabera, “txarto ulertze bat dela eta, hainbat espiak Roger O. Thornhill publizitate arloko exekutiboa George Kaplan gobernuaren agentearekin nahasten dute. Hiru lagunek bahitu dute eta etxe batera eramango dute, bertan itaundua izateko. Baina ihes egiteko gai izango da bahitzaileek hura hiltzen saiatu baino lehen. Biharamunean etxera bueltatuko da Poliziarekin batera, baina azaldutako lagunen inolako arrastorik ez da egongo”.

Urrian beste bi emanaldi klasiko izango dira BBK Aretoan, pantaila handian: urriaren 10ean, Jean-Luc Godard zinegile frantsesaren Le mépris (1963) pantailaratuko dute, eta 25ean, The apartment (1960) Billy Wilder-ek filmatutako maisulana.

Exit mobile version