Bilboko LGTBI zinema jaialdia, Zinegoak, otsailaren 19tik eta martxoaren 4ra bitartean izango da. Urte honetatik aurrera, Zinegoak Elkarteak kudeatuko ditu jaialdia eta zinema eta kulturarekin loturik urte osoan egiten dituen gainerako jarduerak. Atzean utziko dute Hegoak Elkartea.
Zinema eta kulturaren esparruetatik lan egiteko konpromisoa gakotzat hartuta, gizartea eraldatzeko eta LGTB kolektiboa agerian jartzeko bideak erabiliko dituzte bertan. Pedro Andradek, elkartearen presidente berriaren hitzetan, “aspalditik sentitzen genuen gure lana eta gure izaera soziala bateratzeko beharra. Ez bakarrik Zinegoak gure jarduera nagusia bilakatu delako, baizik eta gainerako jarduera guztiak jaialdiari edo kultura edo ikus-entzunezkoei lotuta dagoelako. Gure lana hobeto egin nahi bagenuen, errealitate berri horretara egokitu behar ginela ohartu ginen”. Barne aldaketa horrez gain, badaude askoz ere aldaketa gehiago. Jaialdiak bere egoitza ere aldatu du; hemendik aurrera Kortes kalean egongo da.
Bi hilabete falta dira oraindik baian talde osoa lanean da. Zinegoakek berriro errepikatuko du bi asteko iraupenaren formatua. Oraingoan, egitarauaren zati handiena eta emanaldi gehienak Golem, BilboRock eta BilbaoArte aretoetan egingo dira, lehenengo astean, 18tik 25era. Eta bigarren astean, filmen bigarren emanaldiak eta bestelako jarduerak bilduko dira, BilboRocken bakarrik. Horrez gain, jaialdiaren hasiera ofizialaren aurreko astean, berriz ere 3,2,1… Zinegoak antolatuko dute, beste erakunde eta elkarterekin batera. Lau egunetan, 14tik 18ra, jarduerak barra-barra eta doan: emanaldi bereziak, topaketak eta, aurten, kontzertu sorpresa bat. Zinegoak Hedapena eta Euskal Herriko herri gehienetara zabaltzeko erronkari eutsiko dio. Laster edizio berriaren irudia aurkeztuko dute.