Albert Sesmak (Paris, 1976) Atmosferas izeneko erakusketa paratu du Iruñeko Conde De Rodezno galerian; erakusketa zabalik dago apirilaren 16ra arte.
Sesmaren koadroetan hiri inguru koloretsuak nagusitzen dira. Eraikinak, zubiak, errepideak eta bestelako elementu urbanoekin josita daude bere margolanak. Erakusketa honetan baina, barruko giroak ere pintatu ditu: etxe edo tailerreko barruak, edo abandonatuta diruditen eraikinenak.
Elementu horiez gain, Sesmaren lanean kolorea nabarmentzen da. Bere koadroak koloretsuak dira, izan ere, askotariko koloreak erabiltzen ditu bere oinarri ilunean. Horrela, kontrastez beteriko koadroak gauzatzen ditu, eta tonalitate horien bitartez argia bilatzen du trazu gutxirekin eta perspektiba apur batekin.
EHUko Arte Ederren Fakultatean ikasi zuen eta Antonio Lopez pintore ezagunarekin ere aritu da. Lopez, hain zuzen ere, bere lanaren gidari da. Sesmak pinturaren ahalmen espresiboa aldarrikatzen du. Hala, behin baino gehiagotan esan du bere lana inpresionismoaren eta espresionismoaren artean dagoela, espresionismo alemaniar purua gaitzesten duen arren.