Jose Ariztimuño Aitzol (Tolosa, 1896 – Hernani, 1936) omenduko dute gaur, Donostiako Antzoki Zaharrean. Omenaldian Aranzadi Zientzia Elkarteak ekoitzi duen Aitzol, Euskal Pizkundearen heriotza izeneko dokumentala estreinatuko da. 19:30ean hasiko den omenaldi horretan ere Eñaut Elorrieta eta Mikel Markez abeslariek, eta Harkaitz Cano idazleak hartuko dute parte.
2011n, urriaren 17an, 75 urte bete ziren Aitzol (Tolosa, 1896 – Hernani, 1936) fusilatu zutela. Aitzol eta bere belaunaldia gogora ekartzeko asmoz, eta omenaldi gisa, 2011. urtea Aitzol eta Euskal Pizkundearen urtea izendatu zuen Tolosako Udalak.
Proiektu horretan ildo hauek nabarmendu ziren: Jose Ariztimuño utzitako ereduaren bitartez kulturgintza eta giza eskubideen arteko lotura azpimarratzea eta balore hauek zabaltzea; oroimen historikoa berreskuratzea; Aitzol eta euskal pizkundearen duintasuna zabaltzea; eta Euskal Herriko pasarte hau gizarteratzea.
