Aitor Sarasketak (Eibar, 1962) Irudimenezko eremua pintura erakusketa paratu du Donostiako KUR galerian. Eibartarrak espazioaz, geometriaz eta koloreaz duen ikuspuntua islatzen du azken bi urteotan eginiko margolanetan.
Galeriak bidalitako oharrean Edorta Kortadik idatzi duenez, “lan honetan nolabaiteko tentsioa dago lerroaren eta azaleko plano-espazio zuriaren artean, giza trazuetan eta perfekzio geometrikoaren artean”.
Obra zaharrenetako geometriak nabarren antzera agertzen dira. Beste margolan batzuetan, berriz, espazioak zabaltzen ditu eta ez daude hain geometrizatuak. Berrienetan, ostera, superfizie leunak nagusitzen dira.
Kolorea, bestalde, obra guztietan agertzen da, konstantea da, obra osoaren ezaugarri nagusiena kolorearen bidezko adierazpide neurritsua baita, koadro batzuetako ehundura trinkoagoa izan arren, eta beste batzuetan arinagoa.
Sarasketaren xedea kontrarioen arteko tentsioa sortzea da, pasioaren eta arrazoiaren artean, korronte eta aldarte ezberdinen artean.