Nontzeberri

Aiko Taldearen “Jotamentala” dokumentala, Iruñean

Aiko dantza taldeak, Bideografik Ekoizpenak etxearekin, jotari buruzko dokumentala ondu du: Jotamentala. Lanaren estreinaldia otsailaren 12an egin zen BilbokoBizkaia Aretoaren  Auditorioan. Bihar,  martxoaren 11n, Nafarroako Dantzarien Biltzarrak eta Karrikirik (Iruñeko Euskaldunon Topagunea) antolatzen duten ekitaldiko laguntzailea den Iruñeko Planetarioan izango da estreinaldia, 19:00etan.

Ikus-entzunezko lan hori Aikok interneten abiatuko duen jotaren inguruko plataformaren baitan egin da. Plataforma horretan  grabazioak, partiturak,  idazkiak, gogoetak, proposamen didaktikoak,  ariketak, pausoak eta dantza  herrikoi horri buruz ekarpena egin  dezakeen edozein elementu sartu ahal izango da.

Dokumentalean, hainbat lagunen testigantzak biltzen dira: Aiko Taldeko kideak, Cesc Gelabert edo Jon Maya dantzari eta koreografoak eta Juan Antonio Urbeltz, Jon Pertika, Iñaki Irigoyen edo Jose Inazio Ansorena ikerlariak, besteak beste. Iparraldeko, Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat lekutan filmatu da.

Horretaz gainera, artxiboko irudiak ere biltzen ditu. “1955ean, Orson Wellesek BBC katerako egin zuen The Land of the Basques dokumentalaren sekuentzia bat barne”.

Aiko taldea, dantza tradizionala pasioz bizi duten eta hainbat jardueraren bitartez dantza hori zabaltzeko eta hedatzeko lan egiten duten musikari eta dantza maisuz osatutako taldea da. Jota-fandangoaren azterketa eta transmisioa, dantza tradizionalaren inguruan aurrera daraman lanaren beste atal bat da.

Exit mobile version