Nontzeberri

Aiko Taldeak “Jotamentala” estreinatuko du

Aiko dantza taldeak Jotamentala jotari buruzko dokumentala ondu du. Aiko eta  Bideografik  Ekoizpenak etxearen artean ekoiztutako  Jotamentala lanaren  estreinaldia otsailaren 12an,  ostiralean, izango da, arratsaldeko 19:30ean,  Bizkaia Aretoaren  Auditorioan. Gero, otsailaren 19an Errenterian aurkeztuko da, bai eta Gasteiz eta Iruñean ere.

Ikus-entzunezko lan hori Aikok interneten abiatuko duen jotaren inguruko plataformaren baitan egin da. Plataforma horretan  grabazioak, partiturak,  idazkiak, gogoetak, proposamen didaktikoak,  ariketak, pausoak eta dantza  herrikoi horri buruz ekarpena egin  dezakeen edozein elementu sartu ahal izango da.

Dokumentalean, hainbat lagunen testigantzak biltzen dira: Aiko Taldeko kideak, Cesc Gelabert edo Jon Maya dantzari eta koreografoak eta Juan Antonio Urbeltz, Jon Pertika, Iñaki Irigoyen edo Jose Inazio Ansorena ikerlariak, besteak beste. Iparraldeko, Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat lekutan filmatu da.

Horretaz gainera, artxiboko irudiak ere biltzen ditu. “1955ean, Orson Wellesek BBC katerako egin zuen The Land of the Basques dokumentalaren sekuentzia bat barne”.

Aiko taldea, dantza tradizionala pasioz bizi duten eta hainbat jardueraren bitartez dantza hori zabaltzeko eta hedatzeko lan egiten duten musikari eta dantza maisuz osatutako taldea da. Jota-fandangoaren azterketa eta transmisioa, dantza tradizionalaren inguruan aurrera daraman lanaren beste atal bat da.

Exit mobile version