Gaur, hilak 27, Zeberion, Tartean Teatroko kidea den Patxo Telleriak Ai, gure juaneteak izeneko pieza egingo du. Urte honen hasieran, Loraldia jaialdiaren barruan estreinatu zen lan hori, non Mikel Laboa abeslari eta musikagileari omenaldia eskaini nahi izan dion.
Mikel Laboaren abestiak eta kantak ezinbestekoak dira euskal kulturarentzat. Jokin Oregik zuzendutako pieza hori prosaren eta poetikaren, antzezlanaren eta musika-saioaren arteko lan hibridoa da. Telleriak gure ondare kulturalaren zenbait abesti hartu, eta gaur eguneko ikuspuntuaz birsortzeko ausardia erakutsi du: Hegazki errariak, Izarren hautsa, Bedeikatua, Negu hurbila, O Pello, Pello, Haika mutil, eta abar.
Kasu honetan, oholtza gainean hiru pertsona ikusiko ditugu: Patxo Telleria aktore-musikari bat, eta bi musikari-aktore, Adrián García de los Ojos eta Maider López. Eszenatokian ez da osagai handiegirik aurkituko, minimalismoa erabiliko da aktoreak, musikariek eta, batez ere, Laboaren musikak protagonismo handiagoa izan dezaten.
“Hamarkadak igaro dira abesti horiek konposatu zirenetik, eta ez dute orduko indarra eta emozioa galdu. Eta horregatik, hain zuzen ere, gure ondare emozionalaren ezinbesteko parte direlako, horiek berregituratzeko eta birkodetzeko ausardia izan dugu. Gureak direlako. Nireak direlako” esan du aktoreak.
