Nontzeberri

Ahozko tradizioko kantak eta poesia ilustratuz

MarraziOak jardunaldiak aste honetan, urriaren 19tik 23ra, izango dira Donostian, eta Juan Kruz Igerabide poeta eta Maite Gurrutxaga ilustratzailea izango dira bertako gidariak. Ahozko tradizioko kantak eta poesia ilustratuz goiburupean garatuko dira jardunaldiok.

Lehenengo egunean herri tradiziozko poesiak ezagutzera emango dituzte gidariek, parte-hartzaileek materialaren ikuspegi ahalik eta zehatzena izan dezaten. Gero, ikasle bakoitzari poesia horietako bat aukeratzeko eskatuko zaio berau ilustratzen has dadin. Hala, tailerraren ordu praktikoak lan horri eskainiko dizkiote.

Proposamenak, ideiak, ezagunak eta ez hain ezagunak diren erantzunak eta materialen zein ilustrazioen aukera oparoak landuko dituzte, eta horretatik aterako dituzten ondorioak praktikan jartzen saiatuko dira.

Galtzagorri Elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker antolatutako euskal ilustratzaileei zuzendutako tailerra da MarraziOak. Ekimenaren helburua trebatu, elkar ezagutu eta ilustrazioan aritzea da.

Exit mobile version