Durangoko Azokan Ahotsenea izaten da, euskaldun sortzaileen gunea 2008. urteaz geroztik. Aurten ere Landako eraikinaren alboan izango da abenduaren 6an, 7an, 8an eta 9an, eta dagoeneko aurtengo egitaraua bete dute bertan izango diren musikari, idazle, argitaletxe eta bestelakoen eskaerekin.
Lehenengo hiru egunetan Ahotsenearen karpa 10:30ean zabaldu, eta 22:00etan itxiko da. Laugarren egunean, berriz, ordu berean irekiko dira ateak, baina goizago itxiko dira, 20:00etan, hain zuzen ere.
Orotara, 88 emanaldi izango dira, eta emanaldiok askotarikoak izango dira, musika kontzertuak, disko aurkezpenak, literatur errezitaldiak, idazleekin elkarrizketak, eta abar.
Batzuk aipatzearren, lehenengo egunean Bernardo Atxagak eta Jabier Muguruzak Paradisua eta katuak aurkeztuko dute; Zuloak taldearen kontzertua izango da, eta Gazta Zati Bat dokumentalaren soinu banda ere entzun ahal izango da zuzenean.
Bigarren egunean, Xabier Etxeberriak Udazkeneko Lorea liburua aurkeztuko du; Willis Drummond agertokian izango da disko berria aurkezten, eta Bertol Arrieta Alter Ero bere liburu berriko ipuinen inguruan arituko da.
Hirugarrenean, Betagarrik ordu erdiko emanaldia egingo du oraintsu argitaratu duen Zorion Argiak disko bikoitza aurkezteko; Hedoi Etxartek bere poemategi berria eramango du bertara, eta EDO! Liburuak argitaletxea ezagutzeko parada izango da.
Azkenik, laugarren eta azken egunean, Anai Arrebak, Glaukoma, eta Adarrots zuzenean ikusi ahalko dira, eta Karlos Zurutuzak bere artikuluak jasotzen dituen Tripoli-Kabul liburua aurkeztuko du.
Horiek dira Ahotsenean izango diren ekitaldi gutxi batzuk. Gogoratu 88 ekitaldi izango direla lau egunez. Programa oparo horren detaile guztiak ahotsenea.net blogean biltzen dira.
