Nontzeberri

Aguraingo Jazzherrian jaialdiaren azken kontzertua

Uztailean Agurain herria jazz musikaz betetzen da bertako Udalak, Xabigune elkartearekin batera, antolatutako Jazzherrian programari esker. Aurtengo edizioan doako sei kontzerturekin gozatzeko abagunea eskainiko da, eta bihar azkena izango da.

Musika-zikloa uztailaren 4an hasi zen Donkey Rivers talde errenteriarraren emanaldiarekin. Uztailaren 10ean, Angry Lovers talde getxotarraren emanaldia antolatu zen. Uztailaren 11n, Mario Andreu Trio taldeak kontzertua eskaini zuen. Uztailaren 17an, Ibai García Blues Project taldearen txanda izan zen, eta 19an, William, Koki & Txemi de los Brazos taldeak kontzertua eskaini zuen.

Jazzherrianen amaiera uztailaren 24an izango da, 19:30ean, San Juan plazan, Crazy Jumpers taldearen emanaldiarekin. Horrela aurkeztu dute taldea antolatzaileek: “Musikaren urrezko arotik Crazy Jumpers taldea iritsi da zuzenean, 40 eta 50eko hamarkadetako klasiko handienen erritmora dantzarazteko. Energia lehergarria du eta estilo paregabea. Bluesaren boterea, swingaren erritmo bizia, rock’n’rollaren errebeldia eta rocka-billyaren dibertsioa uztartzen ditu Crazy Jumpers taldeak, inor axolagabe uzten ez duen show batean. Baina Crazy Jumperreko kideak ez dira iritsi berriak. Eszenako musikari beteranoen esperientziatik eta talentutik sortu da, tartean The Big Flyers eta Micky & the Buzz talde ezagunetako kideak baitaude. Oinarri sendo horri Lore kantari karismatikoa gehitu behar zaio, Front Woman benetako bat, beste garai bateko klubetara eramango zaituen ahotsa duena. Bere errepertorioa generoko izarrei egindako omenaldia da, dinamita hutsa den kantu-sorta batekin: arimara iritsiko zaizkizun blues-ereserkietatik hasi, eta rockabilly-raino”.

Exit mobile version