Urriaren 2tik 7ra arte, Afrikar Zinemen Euskal Jaialdiaren hirugarren edizioa antolatu da Gasteizen, eta egun horietan guztietan euskarazko azpituludun filmak izango dituzue ikusgai. Gasteizko eta Arabako hainbat gunetan 19 film pantailaratuko dira, Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren, Vital Fundazioaren eta babesle pribatuen laguntzari esker.
Hirugarren edizio honen bidez Afrikako zinemen erreferentziazko jaialdia indartu da. Kultura Bendera Elkarteak eta Asociación Africanista Manuel Iradier elkarteak bultzatzen dute eta jaialdiaren helburua da Afrikako kulturen aniztasuna eta aberastasuna bistaratuta giza garapena indartzea. Era berean, Euskadiko eta Afrikako kulturaren arteko topaketa eta aliantzak bultzatu nahi dira.
Afrikaldiak Afrikako zinemak jartzen ditu fokuan, pluralean, kontinente horrek askotariko zinema-barietate handia sortzen baitu. Mundu osoan kontinentetik eta diasporatik datorren aberastasun kultural, idiomatiko, musikal eta abarren isla da. Halaber, Euskal Herriko Unibertsitatean 4 dokumental proiektatuko dira eta hitzaldiak eta topaketak antolatu dira hiriko hainbat gunetan.
Lehen proiekzioa gaur berton, urriaren 2an, egingo da, Europa Kongresu Jauregian, inaugurazio-galan. Tarik El Idrissik zuzendutako Sound of Berberia filma pantailaratuko da eta zuzendaria bera bertan izango da ondoren egongo den mahai-inguruan.
Horrez gain, Afrikar Zinemen Euskal Jaialdiak beste behin Industria atalaren aldeko apustua egingo du Montehermoso Kulturunean. Bertan, Gasteizen egiten diren jaialdien arteko topaketak antolatu dira.
Hortaz, ekimenak Afrikari buruzko begirada zabaldu nahi du eta bertako zinematografia arloko ekoizpenari balioa eman.
Egun hauetako programazioaren gaineko informazioa Afrikaldiak dauka.