Metrokoadroko kolektiboaren Laster eroriko da lanak jaso du AEK-Korrikaren hirugarren Sorkuntza Beka (23.000 euroko dirulaguntza). Laster eroriko da 2027ko azarotik 2028ko apirilera bitartean antzeztuko da, Korrika Kulturalaren barruan.
Idoia Beratarbide eta Oier Guillan Metrokoadrokako kideek hartu dute beka. Obraren tituluak “erreferentzia egiten die Agure Zaharra kantu ezagunari eta aurreko belaunaldien askatasun-ametsei. Testuinguru horretatik abiatuta, obrak belaunaldien arteko talka islatuko du, bazkalosteetako kantu-uneei omenaldia egitearekin batera; era berean, Metrokoadrokak hausnarketarako gai sakonagoak planteatuko ditu: inkonformismoa eta itxaropena jarri nahi ditu erdigunean, mundua norabide kezkagarrian doan honetan, eta euskal kulturaz, transmisioaz eta komunitateaz hausnarrarazi.
Egileek, azken batean, zera sustatu nahi dute: “gorroto-mezuei aurre egiteko inkonformismoa eta mundu hobea sortzeko itxaropena”. Hori bai, komediak argi utziko du “mundu hobe hori belaunaldiz belaunaldi birdefinitu beharra”.
Epaimahaia Anabel Arraizak, Galder Perezek, Asier Rubiok, Kattina Haranek eta Eneko Gilek osatu dute, eta lan saridunak “planteamendu berritzailea” duela nabarmendu dute.
