Nontzeberri

AEBetako kontrakulturari buruzko zikloa Ibu Hots tabernan

Gasteizko Ibu Hots tabernak 60ko eta 70eko hamarkadan Amerikako Estatu Batuetan eztanda egin zuen kontrakulturarekin loturiko zine zikloa atondu du.

Zikloa igandean hasiko da Sam Green eta Bill Siegel zinegileek 2003. urtean estreinaturiko The Weather Underground dokumentalaren proiekzioarekin. The Weather Underground, Students for a Democratic Society (SDS) ikasleen sindikatutik sorturiko ezker muturreko erakunde bat izan zen. 1969. urtean hasi zuen bere ibilbidea eta 70eko hamarkadaren erdi aldean desagertu zen. Marxista kutsuko inperialismoaren kontrako jarrera argia erakusten zuen eta ekintza terroristak ere burutu zituen. Hala, eraikin ofizialetan lehergailuak zartarazten zituen, baina ez zuten sekula inor hil aurretik abisua ematen baitzuten eraikinak hustu zitezen. Dokumentalak erakunde horretako kide ohien makina bat testigantza eta garai gatazkatsu hartako irudi biziak biltzen ditu. Emanaldia 19:30ean hasiko da.

Urriaren 18an, berriz, Jem Cohen zine zuzendariaren Instrument lana ikusi ahalko da. Filmak Washington DC hiriburuko Fugazi talde underground bezain ospetsuaren ibilbidea kontatzen du modu nahikoa poetikoan. Talde horrek bide luzea egin zuen eta bere jardunean koherentzia eta independentzia izan zituen ardatz.

Gainontzeko bi pelikulak Naked Lunch (urriak 25) eta Crumb (urriak 30) izango dira. Lehenengoa David Cronenberg zinegile kanadarrak zuzendu zuen 1991. urtean, eta Williamn S. Burroughs beat idazlearen izen bereko eleberriaren egokitzapena da. Crumb (1994), aldiz, Robert Crumb komiki egile undergroundaren bizitza kontatzen du. Terry Zwigoffek zuzenduta, artista estatubatuarraren haurtzaro gordina kontatzen du, besteak beste.

Exit mobile version