Nontzeberri

Adarretatik musika jaialdia, Zarautzen

Urriaren 4, 5 eta 6an izango da Zarautzen Adarretatik musika jaialdia bertako Musika Plazan, Munoa plazan eta Modelo aretoan gauzatuko dena.

Lehen egunean, ostiralean, 19:00etan hasita, Txarly Brown Plays Jamaica musikaria arituko da. Gauean, 22:00etan, Esanezin talde euskalduna igoko da oholtzara. Esanezin Ianire Aranzaberen (Altzagarate,1999) proiektu musikala da. 2021ean eman zituen bere lehen pausoak musikan. Pop doinuak jorratzen ditu nagusiki baina ateak itxi gabe musika-erreferentzia berriei, eta bakarkako formatuan lehen kontzertuak eman ondoren laukote formatua hartu zuen proiektuak, Arri Iraeta, Iñigo Asensio eta Imanol Rubio bidelagun dituela.
Horren ostean, Nacion Funk Soul Station eta Michel Clavero Mr. Dynamite musikarien txanda izango da.

Larunbatean, Crazy Jazzers-ek, Munlet-ek eta Tito Ramirez Bandak kontzertuak eskainiko dituzte. Azkenik, igandean, hilak 6, Audience izango da Modelo aretoan, Bob Dylan Berrikusia lana aurkezteko. Audienceren lan horretan, XX. mendeko musika popularraren ikono handienaren bederatzi abesti jasotzen dira. Lan horretako hitzak Xabier Payak egindako Bob Dylan. 100 kantu liburutik hartuak dira. Xabier Payak itzulitako laneko protagonista XX. mende osoko musika herrikoian eragin handieneko sortzailea da, bai konposatzaile, bai interprete, bai letragile gisa. Folketik rockera, countryetik eta beste hainbat estilotatik pasatuz, 600 kanta baino gehiago sortu ditu. Haren balio literarioa aitortu zion Suediako Akademiak Nobel saria emanez, eta gaur egun, euskaraz eskaintzen da edizio elebidunean, AEDrekin antolaturiko Jokin Zaitegi bekari eta Xabier Payaren itzulpenari esker.

Exit mobile version