Nontzeberri

ACT Nazioarteko Antzerkialdia gaurtik aurrera

ACT Festibala, Lan Laburren Nazioarteko Antzerkialdia, gaur hasi eta ekainaren 7ra luzatuko da. Guggenheim Bilbao Museoko Zero espazioan, Barakaldo Antzokian, Pabilioi 6n eta Kafe Antzokian gauzatuko dira ekimenaren barruan programatu diren lanak. Estatu eta nazioartean sarituak izan diren konpainia anitz eta kalitate handiko makina bat ikuskizun aurkeztuko dira. Aurton ekimenaren hamaikagarren edizioa izango da.

Joan den astean prentsaurrekoan aurkeztu zen egitasmo honen nondik norakoak, eta jaialdiaren sortzaile eta sustatzaileek ahala definitu zuten ekimenaren oinarria: “Hamarkada honetan ACTra etorkizun handiko gazte ugari hurbildu da eszena proposamen arriskutsu eta berritzaileekin. Jaialdiaren sustapen eta azoka jarduna artistontzako bizigarri, eragile eta sinergia sortzaile izan da, eszena panoraman beraien kokapena erraztu eta jaialdiaren beraren kanpoko ezagutza handitu dituelarik. Hamar urteren ondoren, jaialdiak norabide berri bat hartzea erabaki du, bere mamia aldatu gabe ordea. Munduan erreferente izango diren talde desberdinen zabalkundeaz gain, aurten ACTk egitarau berritzaile eta kalitateagatik tentagarriaz ikusleen parte-hartzea sustatuko du, sarrera merkeez eta ingurune eroso batean”.


Programak 17 lan eszeniko aukeratu ditu aurkeztutako guztien artean. Genero desberdinetakoak, dantza, antzerkia, performancea edo zirkua, besteak beste.  Talde batzuk aipatzearren, Mirage Teatro, Sandman konpainia, Ferenc Fehér, Howook Baek, Impromptus Investigación Teatral, MAuMA, eta abar.

ACT gaur hasiko da Barakaldoko Antzokian garatuko diren hainbat ikastarorekin: Imagining the body (Sabine Molenaar); bideosorkuntza eszenan (Nak Hyun Kang); Sorkuntza eszenikoa (Mirage teatro) eta FeldenKrais (Teresa Brayshaw).

Sarreraren eta bono bereziaren diruaren truke ikusleak mundu osoko eszena garaikidean pil-pilean dagoenaz goza dezake, Hungaria, Korea, Belgika, Alemania, Erresuma Batua, edo Herbereetatik etorritako lanekin, eta era berean, Katalunia, Andaluzia edo Euskal Herritik datozenak ahaztu gabe.

Programazio guztia begiratu ahal duzue ACTn.

Exit mobile version