2004 urtetik hona, Bai Antzerki Eskolak antolatzen duen ACT Jaialdiak bere proposamen berritzaileekin etorkizuneko eszena definitzen ari diren nazioarteko artistak sustatzen ditu. ACT sortzaileen lehiaketa bat da, artisten eta ikusleen arteko topagune bat, eta mundu osoko programatzaileak biltzen dituen arte eszenikoen azoka ospetsu bat
Aurten ACT jaialdiak XXI. edizioa ospatuko du ekainaren 5etik 8ra, hortaz, aurretik lau egun dituzue arte bizidunak esperimentatzeko Bilboko eta Barakaldoko eszenatoki ezberdinetan (Guggenheim Museoan, BBK Aretoan Bilboko Kafe Antzokian eta Barakaldo Antzokian), non ikuskizun, ikastaro, tailer edo hausnarketa-saio bikainak garatuko diren.
Diogun moduan bihar abiatuko da jaialdia Olatz Gorrotxategik egindako Mierda de Ciudad piezarekin. Olatz Gorrotxategik sortu eta zuzendu du, eta berak ere interpretatzen du, Aritza Rodriguez eta Marta Álvarez del Vallerekin batera. Piezak Euskal Rock Erradikalaren historiaz, 80ko eta 90eko hamarkadetan mugimendu hura sortu zeneko testuinguru guztiaz, eta Euskal Herrian borroka politiko eta sozial ugariak zeuden garaiaz hitz egiteko beta luzatuko du. Antzezlanean garai hartako hainbat talderen musika agertzen da, eta eszenan ere objektuen antzerkia erabiltzen da, garaiko gertakari historiko batzuk kontatzeko figuratxoak erabiliz. Hortaz, lanaren gauzarik interesgarriena bere eszenaratzea da, Euskal Herriari buruzko dokumental yankiekin, Mendebaldeko filmen zatiekin eta La Polla Records, Eskorbuto, Parabellun, Las Vulpess, R.I.P. eta Mocedades-en zenbait dokumenturekin, besteak beste. Garai hartako kontuak ere tartean daude: “Demokraziaren etorrera, hiru koloreko telebistatik technicolera igarotzea, etxeetan ezkutatutako ikurrinak, heroina, Otanen aurkako manifestazioak, Lemoizko zentral nuklearraren aurkako edo Bardeako tiro eremuaren aurkako mobilizazioak, Gladys del Estalen hilketa, Yoyesena, lehen Teleberria, abortuaren aurkako lehen sumarioa, etab.”
Olatz Gorrotxategi (Bilbo, 1982) aktorea, antzerkigilea, irakaslea eta ACT Nazioarteko Jaialdiaren koordinatzailea da. Hainbat lan idatzi eta zuzendu ditu, besteak beste, Coordenadas, 2016ko Donostia Kulturako Dramaturgia Berriek aukeratua, eta 43º 13 «44» N, Bilbaoeszenako egoitza artistiko bati esker.
ACTn ikusgai izango diren saioei, obrei eta konpainiei buruzko informazio zehatza hemen.