Nontzeberri

Abyssinians banda jamaikarrak Erandion joko du

Ibilbide luzeko Abyssinians talde jamaikarrak Erandioko Sonara aretoan joko du ekainaren 20an. Estatuan egingo duten emanaldi bakarra izango da.

Donald Manning, Lynford Manning eta Bernard Collins musikariek eratu zuten Abyssinians taldea 1968an. Hirukotearen estreinako singlea, Satta Massagana, grabazio arrakastatsu bihurtu zen kaleratu bezain pronto, hau da, reggae ereserki bilakatu zen reggae zaleen belarrietara iritsi eta berehala. Doinu mistikoa da, baita dancehall aretoetan dantzatzeko modukoa ere. 1971an, beste hiru single grabatu zituzten: Declaration of Rights, Jerusalem eta Let My Days Be Long.

Hala, 1976an lehendabiziko LPa plazaratu zuten: Satta Massagana / Forward Onto Zion. Disko hori, 70eko hamarkadako roots reggae estiloko maisulana da, grabazio klasikoa, espiritualitate handikoa, eta afrikanismo kutsua duena. 1978an, Arise lana grabatu zuten, eta 80ko urteetan, berriz, nahikoa isilik egon ziren.

90eko hamarkadan, baina, hiru musikariak berriro batu ziren, estudioan sartu, eta $19.95+Tax izenburuko diskoa jaso zuten. Harrezkeroztik, hirukotearen disko zaharrak etengabe berrargitaratu dira. Hori dela eta, ahots harmoniekin eginiko roots reggae estiloko talde mitiko bihurtu da.

Exit mobile version