Kutxa Fundazioa Kubo aretoak María Paz Jiménez (1909-1975) artistaren Misterioa argitzea erakusketa antolatu du otsailaren 7tik maiatzaren 18ra arte.
Artistaren nondik norakoak honela laburbil daitezke: Ijito familia batean jaiotako margolari hau Argentinako erbesteratzean hasi zen ikasten, 1930eko hamarkadan, surrealismoaren eraginpean. 1945ean bueltatu eta gero, Donostiako kultura-panoramako pertsonarik garrantzitsuenetako bat bilakatu zen. Bere jakinminak bultzatuta, pertsona jantzia bilakatu zen, poesia eta filosofiako irakurle sutsua eta arte-lengoaia modernoenetara gerturatu zen. Zuzen-zuzenean ezagutzeko aukera izan zuen Parisera eginiko bidaia ugarietan. Figurazio oso pertsonala eta abangoardiako abstrakzioa landu zituen, testuinguru artistikoaren aitorpena lortuz. Euskal artea delakotik kanpo geratu zen, ordea, horren protagonista guztiak gizonak baitziren. Horren ondorioz, eta gazte hil zenez, merezi zuen lekua ukatu egin zitzaion artearen historiografian. Atzerabegirako honen xedea da zor hori kitatzea.
Erakusketak bere lanaren eta dokumentazioaren aukeraketa arduratsu bat eskainiko du, “Euskadiko zein Estatuko artearen historiari egin zion ekarpenaren inguruko eztabaida aberasteko”.
Erakusketa honen bidez, abstrakzioaren aitzindari gisa jokatu zuen papera aldarrikatu nahi da, izan ere, María Paz Jiménezek Euskal Herriko artearen historia modernoa markatu zuen bere pinturarekin. Gizarte frankistan bizitzea tokatu zitzaion arren, bere ibilbide osoan zehar mantendu zuen Gerra Zibilaren aurretik ezagutu zituen pintura eta begirada modernoa.
Abstrakzioaren aurrekaria izan zen, 1949an jada lan abstraktuak erakutsi baitzituen, eta pintore informalista aitortua izatera ere iritsi zen.
Ertz askoko artista izan zen Jiménez eta haren lana ezin da joera bakar batean laburbildu. Erakusketa honek “haren unibertso emankor eta zabala zeharkatzen du eta beragan uztartu ziren grinak arakatzea du helburu”.
