Nontzeberri

Abangoardia eszenikoa landa inguruneetan

Abangoardia eszenikoa landa ingurunera hurbiltzea helburu duen LEB 25 programa ostiral honetan hasiko da Agoitzen eta Elizondon, Ion Iraizoz, Ana Cotoré eta Teresa Martín-Saucedaren arte-egoitzekin.

Antolatzaileek adierazi dutenez, “LEB Programa osoan hausnarketa, ekintza eta esperimentazioa sustatzen dira, eta, horrez gain, artistaren eta publikoaren arteko topaketa sustatzen da sormen prozesuan zehar. Horren adibiderik argiena LEB LAB egoitza eszenikoen lerroa da. Horren barnean konpainiek espazioa, denbora eta baliabideak izanen dituzte haien sormen-prozesuak esploratu, ikertu eta publikoarekin partekatu ahal izateko. 57 proposamen jaso genituen.”

LEB 25ek bost ekintza-ildo ditu (LEB PROD, LEB INTENSIF, LEB LAB, LEB EKIN eta LEB ZABAL), helburu argi batekin: abangoardia eszenikoa landa-ingurunera hurbiltzea, eta kulturarako eskubide unibertsala bermatzea, sorkuntza bultzatuz eta artistak eta publikoak lotuz.

Programa Agoitzen hasiko da, LEB LABekin, Ion Iraizozen (Nafarroa), Ana Cotoréren (Zaragoza) eta Teresa Martín-Saucedaren (Cadiz) hiru arte-egoitzekin. Iraizoz nafarrak Paciencia para percibir todo como una espejismo saiakera egingo du ostiral honetan, irailak 5. Ondoren, Cotoré dantzariaren txanda izango da botere-gehiegikerien inguruko No necesito un nombre para ser mascota lanarekin.

Irailaren 19an, 11:00etan, Agoizko Kultur Etxean, entsegu irekia eta publikoarekin tailerra antolatu dira. Edizioari Martín-Saucedak emango dio amaiera, afektuak eta giza harremanak aztertzen dituen pieza batekin: Mi corazón. Irailaren 22tik urriaren 4ra bitartean egonen da Agoizko Kultur Etxean.

LEB 25 programak LEB PROD saria ere banatuko du (3.000 euro), testu eszenikoen saria da eta irailaren 14ra arte dago zabalik. LEB INTENSIF programa urriaren 17tik 19ra bitartean Elizondon izango da. eta herria arte-proposamenez beteko da, bertako kolektiboek sortuta. LEB ZABAL asteburu horretan bertan izango da, eta publikoari irekitako topaketak programatuko dira Arte Eszenikoetako profesionalekin, hainbat gai aztertzeko. Amaitzeko, LEB EKIN: bost irakurketa dramatizatu eta arte-prozesuen laginak 2026ko otsailetik maiatzera bitartean egingo dira, Elizondon.

Exit mobile version