Asko dira datorren urtean, uztailaren 22tik 27ra arte Donostian garatuko den Jazzaldiaren 60. edizioan parte hartuko duten musikariak, tartean, honako hauek: Jamie Cullum, Melody Gardot, The Beach Boys, Dave Holland, Chief Adjuah, Dee Bridgewater, Hermeto Pascoal, Oscar Peterson, Kirk Knuffke, Chicuelo, The Yellowjacket, Kurt Elling, Ray Anderson,…
Ikusten denez, datorren urteko musika-eskaintza kalitate handikoa, askotarikoa, erakargarria eta bizitasun handikoa izango da. Aurreko urteetan bezala, Trinitate Plazan, Kutxabank Kursaal Auditorioan, FCC Victoria Eugenia Antzokian eta Škoda San Telmo Museoan egingo dira kontzertuak.
Uztailaren 22an abiatuko da Jazzaldia Kutxabank Kursaal Auditorioan, Jazzaren eta egungo izar handienetako batekin: Jamie Cullum britainiarra. Cullumek bigarren kontzertu bat eskainiko du 60. Jazzaldian, doan, uztailaren 23an, Zurriola hondartzako Keler Gunean.
Egun horretatik aurrera, Kursaaleko Auditorioak beste 5 kontzertu aurkeztuko ditu, guztiak ere lehen mailakoak.
Uztailaren 23an talde mitiko baten kontzertua programatu da, The Beach Boys, eta hurrengo egunean, Yerai Cortés gitarrajolearena. Uztailaren 26an, musika garaikidean dagoen musikaririk originalenetako bat arituko da: Andrew Bird.
Beste aldetik, Trinitate Plazan jazzez beteriko lau gau ondu dira. Steve Coleman bere Five Elements taldearekin egongo da bertan, bai eta Kurt Elling, Yellowjackets taldea, Marc Ribot gitarrajolea eta Hurry Red Telephone bere talde berriarekin ere. Trinitateko azken saio bikoitzean, uztailaren 27an, Marco Mezquida pianista eta Chicuelo gitarrajolea arituko dira. Ondoren, bere azken diskoa aurkeztera datorren Melody Gardot ere.
Horiek eta beste asko bilduko ditu 60. Jazzaldiaren programazioak, seguruenik, zabaltzen eta osatzen joango dena.
Azkenik esan behar da José Luis Lanzagorta dela Donostiako 60. Jazzaldiko kartelaren egilea.
