Aurtengo Euskal Zine Bilerak bere Sail Ofizialeko Lehiaketaren irabazleak nortzuk diren jakinarazi ditu joan den asteburuan. Hogei film labur pantailaratu dira zinemaz beteriko aste batean, urriaren 17tik 19ra bitartean.
Horien artean Film onena, Zuzendaritza onena, Gidoi onena eta Benito Ansola saria aukeratu dira. Horiek erabakitzeko ardura Ainara Elgoibar zinegileak, Martxelo Rubio aktoreak eta Nerea Ibarzabal bertsolariak hartu dute.
Film onenaren saria, Jone Arriolaren Dena asmatuta dago lanarentzat izan da. Epaileek adierazi dutenez: “Bainera txiki batean gauza asko kabitzen direla erakusten digun lana da hau. Pelikula organikoa, naturala eta, batez ere, freskoa. Gidoirik gabekoa dirudien elkarrizketa sinesgarri eta samurra aurkezten zaigu, eta horrek aktoreen eta zuzendariaren arteko kohesioa eta aurre-lan handia eskatzen ditu. Aktoreen interpretazioa ere azpimarratu nahi dugu, egon beharreko tokian baitaude uneoro.” Zuzendari horrek hartu ditu 47. Euskal Zine Bilerako Urrezko Antzarra eta 3.000 euroko saria.
Zuzendaritza onenaren saria, Maddi Barberen Alas/Tierra filmarentzat izan da. Epaileek hurrengo azpimarratu dute: “Lengoaia propioa duen pelikula. Zuzendariaren ikutua garbia da. Filma harilkatzen duen poema euskaratzerakoan, hitzen esanahia eremu berri batean kokatzen da: zuzendariaren munduan”. Berarentzat 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra.
Gidoi onenaren saria, Itziar Leemansen Ximinoa filmak hartu du. Epaileen esanetan: “Klase arazo baten gaur egungo iraupena erretratatzen du begirada femenino batetik. Isiluneen erabilera elokuentea eta espazioen tratamendu izugarri adierazkorra eta gorputz horiek beraiekin nola erlazionatzen diren nabarmentzen dute epaileek”. Berarentzat 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra.
Benito Ansola saria, Daniel Nespereira eta Zihara Etxeberriaren Larramendi filmarentzat izan da. Epaileek nabarmendu dutenez: “Istorio bitxia delako, eta irudi-efektu interesgarriak darabiltzalako. Egileei esperimentatzeko grina sumatzen zaie, eta horretan jarraitzera animatzen dituzte epaileek”. Sari honen irabazleek Zilarrezko Antzarra eta 1.000 euroko saria jaso dute.
Epaimahaiaren Aipamen Berezia Kote Camachoren Puzzleak, bortxaketaren jauregia lanarentzat izan da. azken lan horrek ere jaso du publikoaren saria. Hortaz, berarentzat Zilarrezko Antzarra eta 750 euroko saria.
Euskal Zine Bilerak baditu xehetasun guztiak.
