Urriaren 30etik azaroaren 22ra bitartean 44. Euskal Antzerki Topaketak egingo dira Azpeitian. Euskal sorkuntza izango da protagonista, eta gaur egun antzerkiaren panoraman dauden piezarik interesgarrienak ikusteko abagunea izango da. Aurten, eskola antzerkiaz gain, hamabi antzezlan programatu dira.
Gaur, urriak 30, jaialdiari hasiera emateko, Tanttaka Teatroak Desobedienteak 18/98 egingo du 19:00etan, Soreasu antzokian. Fernando Bernuések eta Mireia Gabilondok zuzendu dute pieza, eta oholtza gainean, Miren Arrieta, Aiora Emparantza, Iñigo Azpitarte, Klara Badiola, Kepa Errasti, eta Omar Somai arituko dira.
“Ainhoa Zientzia Politikoetan doktoratu berri da eta doktoretza-tesia defendatu behar du epaimahai akademiko baten aurrean. Tesiak desobedientzia zibila jorratzen du gure demokrazietan indarrean dagoen eta beharrezkoa den borroka-praktika gisa, eta, aldi berean, esanahiz betetako adibideen bitartez, eskubide zibilen historian eta haiek irabazteko bidean desobedientzia zibilak izan duen rol erabakigarriaz hitz egiten du. Bestetik, funtzioak bete-betean murgilduko gaitu, Garzon epaileak irekitako eginbide batzuetatik abiatuta, 18/98 sumarioaren makro prozesu judizial polemikoan, zeinetan eskubide zibilak gizarte-mugimenduei lotutako oinarri batetik defendatzen zituzten hainbat pertsonaren prozesamenduaren lekuko izan baikinen. Epaiketatik unibertsitatera eta unibertsitatetik mundura, antzezlanak desobedientzia zibilaren oinarrietara eramango gaitu, eta haren funtzionamenduaz eta egungo gizartean dugun haren premia eta pertinentzia azalduko dizkigu”.
Egun guztietako programazioa ikusteko: Euskal Antzerki Topaketak.
