Larunbatean, azaroak 28, Lekeitioko Berbaldia egingo da udalerri horretako Barandiaran Aretoan, 12:00etan. Bertan, 40 zinegile inguru bilduko dira, euskal film laburren egungo egoeraren inguruan gogoeta egiteko. Jardunaldia Euskal Zine Bilerak antolatu du.
Antolatzaileen esanetan, “ekoizteko dauden baldintzak eta finantzatzeko ereduetan eta lan horien ikusgarritasuna bultzatzeko ditugun tresnez mintzatuko gara bertan elkartutakoak”. Hala, ekimenaren azken xedea, euskal film laburren mapa bat eraikitzea litzateke.
Mahai-inguruan hauexek arituko dira: Txema Muño, Kimuak film laburren programako zuzendaria, Jon Garaño zuzendaria, gidoilaria eta ekoizlea; Maider Fernandez zinemagilea eta Pasaikeko Neskak-eko partaidea eta Kepa Sojo zuzendaria gidoilaria eta historialaria. Euskarazko zinemagintzan ikerlari Miren Maniasek zuzenduko du saioa.
“Esan bezala, beraiekin batera beste 40 zinegilek eman dute jada izena hausnarketa kolektibo honetara. Ateak zabalik daude, parte hartu nahi duen ororentzat”.
Informazio gehiago: zinebilera.com.