Nontzeberri

33. Gazteen Antzerki Topaketa, Donostian

Maiatzaren 16tik ekainaren 15era bitartean, Donostia Gazteriak antolatuko Gazteen Antzerki Topaketa garatuko da. Deialdia hiriko ikastetxe, unibertsitate, antzerki eskola eta talde independente guztiei zabaldu zitzaien otsailean, eta horren ostean, aurtengo programazioan 24 antzezlan erakutsiko dira.

Antzerki Topaketaren helburua “gazteak antzerkiarekin harremanetan jartzea da, nola interprete edo sortzaile izan (agertoki gainean edo atzean), hala ikusle izan. Era berean, kultura-ekitaldietara joateko eta haietaz gozatzeko ohitura ere sustatu nahi da, eta kultura-jarduerak bultzatu horrela”. Gainera, “aukera paregabea eskaintzen du parte hartzaileek beren antzezlanak modu profesional batean gauzatzeko, hirian ezagunak diren agertoki apropos eta egokietan.” Hortaz, ekimenak “gazteak motibatu, haien sormen prozesuan aurrera egiteko, eta baita haien kultur ekoizpenaren hedapena bultzatu ere.”

Erakustaldian makina bat taldek hartuko dute parte (Donostiarrak gehienak, baina Oiartzungoak, Pasaiakoak, Bilbokoak, eta Iruñeakoak ere badaude), eta bi kategoria bereizi dira adinaren arabera: Junior kategoria, 14-18 urte bitarteko parte-hartzaileak (16 talde), eta Senior kategoria, 18-30 urte bitarteko parte-hartzaileak (8 talde).

Antzoki Zaharra, Kontadores Gazte Zentroa, Kutxa Kultur Kluba, Victoria Eugeniako Klub Aretoa, Gazteszena (Egia Kultur Etxea) eta Lugaritz Kultur Etxea egoitzetan erakutsiko diren lan guztien artean 11 euskaraz izango dira eta 12 gaztelaniaz, eta bat hiru hizkuntzatan interpretatuko da (euskara, gaztelania eta arabiera).

Lan guztiak ikusi ostean, epaia emango da (Nerea Gorriti, Aia Kruse eta Asier Oruesagasti epaimahaikideak)  eta sari banaketa ekainaren 18an izango da.

Topaketaren egitaraua hemen duzue.

Exit mobile version