Odei (Urruña), Jo (Ziburu) eta Gorkak (Algorta) 2ZIO egitasmoa eratu zuten 2010ean. Harrezkeroztik bi disko argitaratu dituzte: 2013an, plazaratutako Pausuz pausu eta oraintsu helarazi diguten Bideak.
Diskoak oinarri melodikoekin jositako hamasei doinu biltzen ditu. Kantuetan, gainera, oinarrien garbitasuna eta hitz kritikoen iluntasuna nagusitzen dira. Bi horien uztarketaren emaitza itzaltsua da, baina melodiatsua.
Promomusik promotorearen arabera, “barnera egindako bidea erakusten duten kantek osatzen dute bigarren disko hau. Sentipen sakonak eta gizarte kritika ardatz duten gaiak lantzen dira hitzetan”.
Musikaren harira, hirukotearen proposamenaren iluntasuna azpimarratu du promotoreak: “Argi ilunez beteriko melodiak dakartza lan berriak, 2ZIO-k oinarrian duen musika estilo ilunaren ukitua guztiz alboratu gabe”.
Datorren hilean disko berria aurkeztuko dute zuzenean: urriaren 2an, Donibane-Ziburuko gaztetxean izango da hirukotea; 9an, Donapauleko Aldaka gaztetxean; 15ean, Bilboko Kafe Antzokian; eta, azkenik, 24an, Getariko plazan.