Atzo, Azpeitiako Sanagustin kulturgunean Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren aurkezpena burutu zen. Bertan nondik-norakoak azaldu ziren eta aurten kantuan arituko diren bertsolariak, gai-jartzaileak, epaileak eta antolatzaileak bildu ziren.
Txapelketaren sorkuntza prozesu kolektiboa nabarmendu nahi izan dute. “Aurtengo irudia, eszenografia eta sintonia elkarlanean sortu dira, eta bertsolaritza bera ere ariketa kolektiboa dela azpimarratu da. Txapelketa bertsolaritzaren erakusleiho handiena bada ere, bertso plazaren zati bat baino ez da; lau urtean behin, ordea, bertsolaritza Euskal Herriko maparen erdigunean jartzeko aukera eskaintzen du”.
Datorren astean, irailaren 19an lehen saioa izango da Hazparnen. Saio horretan Eki Mateorena Zozaia, Maddi Ane Txoperena Iribarren, Miren Artetxe Sarasola, Peru Abarrategi Sarrionandia, Unai Anda Delika eta Xabat Galletebeitia Abaroa bilduko dira norgehiagoka.
