Urte berriarekin batera Mendi Film jaialdiaren Mendi Tour ekimena abiatuko da beste behin, eta hala, aurreko edizioan ikusitako filmik ederrenak herri askotako pantaila handian berriz ikusteko aukera izango da. Laster jakitera emango dute zein pelikula sartuko diren aurtengo zirkuituan.
Gogorarazi behar da Margreth Olin zuzendariaren Songs of Earth filmak sari nagusia eskuratu zuela “argazkilaritza bikaina, kontaketa poetikoa, eta soinu banda sublimea” dituelako. 2023an estreinatutako film honetan haren gurasoak bihurtu ditu protagonista, sorterri izan duen Norvegiako Vestland-eko Oldedaleneko paisaia liluragarrietan kokatuz. Oscar sarietarako Nazioarteko Film Onenaren Norvegiako hautagai izan da filma eta hainbat mendi eta gai sozialetako zinemalditan parte hartu du.
Zuzendaritza onenaren saria Marta Gómez eta Paula Iglesias-ek zuzenduriko Flying Hands lanak jaso zuen. Baltistan Fundazioak babestutako proiektu bat du oinarri: Baltistango gorren komunitatea, bereziki haurrak eta gazteak, gizarteratzen lagundu duen Aniqa Bano protagonista, eta haren lana.
Datorren hilean, urtarrilean, Getxoko Muxikebarrin izango da Mendi Tour 27, 28 eta 29an. Bi egun geroago, Atauneko Herri Antzokian izango da hitzordua.
Otsailean, Mendi Tour ekimenak Iruña (3tik 6ra), Donostia (17,18 eta19), Eskoriatza (21,23) eta Leioa (26 eta 27) bisitatuko ditu.
Martxoan ere Euskal Herriko hainbat tokitan ikusiko dira film ederrak, hala nola, Tolosa (10tik12ra), Eibar, (18 eta 19), eta Gasteizen (24tik 28ra).
Pixkanaka herri-zerrenda hori potolotzen joango da, eta beste herri batzuek ere Mendi Tour ekimenaren bisita jasoko dute.