ESZENA

“Cafe Bar Bilbao” antzerki gidoi laburren saria, Nafarroara

Mikel Mikeo eta Gaizka Sarasola egile nafarrek irabazi dute XI. Cafe Bar Bilbao 2013 antzerki gidoi laburren saria. Sariketa izen bereko tabernak antolatzen du, Tartean antzerki konpainiaren laguntzarekin. Antzerki idazketa sustatzea eta formatu txikiko antzerkia bultzatzea da lehiaketaren helburua.

Edizio honetan aurrekoetan baino lan gehiago aurkeztu dira (16 lan euskaraz eta 27 gaztelaniaz).
Gaizka Sarasola (Lesaka, 1974) izan da euskarazko lanen atalean Cafe Bar Bilbao sariaren irabazlea (1.400 euro), Lurrazpikoak lanarekin. Pieza taberna batean gertatzen da, argia eten den gau trumoitsu batean. Linternen argipean, lau agurek meategian lan egiten zuteneko garaia oroitzen dute, etorkizun hobea amesten zuten garaia.
Gaizka Sarasola txistularia eta musika irakaslea da, eta gainera, Mairu Antzerki Tailerra antzerki talde amateurraren bultzatzaileetako bat.

Gaztelaniazko ataleko irabazleari dagozkion 1.200 euroak Mikel Mikeo nafarrak eskuratu ditu, La oferta Hutford lanarekin. Diruaren balioari buruzko dilema planteatzen du obrak. Istorio horretan, morroi arrunt batek ezohiko proposamena jasotzen du: 50 milioi euro lortuko ditu egia estali eta espetxean hiru urte ematen baditu. Bi pertsonaia biltzen ditu obrak: Hutford, eskaintza egiten duena, eta Baldomero, onartu ala ez erabaki behar duena.
Mikel Mikeo Arrarasek (Atarrabia, 1975) Nafarroako Antzerki Eskolan burutu zituen Interpretazio ikasketak, eta bakarrizketa komikoak taularatzen dituen Movimiento Bola antzerki taldeko kide da gaur egun.

Saritutako lanak Cafe Bar Bilbaoren web orrialdean argitaratuko dira, eta udaberrian Tartean taldeak testu horien irakurketa dramatizatua egingo du bertan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button