Nontzeberri

Zornotza Aretoak hainbat ikuskizun eskainiko ditu bideoetan

Amorebieta-Etxanoko Kultura Sailak Zornotza Aretoan ekoiztu diren antzezlan eta ikuskizun batzuen bideoak eskainiko ditu datozen asteetan. Ekimena bihar hasiko da, martxoak 27, Los últimos visitantes antzezlanarekin. Antzezlana 20:15ean ikusi ahal izango da Zornotza Aretoko web orrian.

Los últimos visitantes antzezlana 2018an sortu zen Zornotza Aretoaren 25. urteurrenaren kariaz. Aretoaren 25 urte horietan arrasto berezia utzi duten sei pertsonaiarekin antitertulia bat osatzen da, eta Arrate Etxebarria da gidaria.

Gogoratu behar da urtemugaren egun berean, Zornotza Aretoan Markeliñe konpainiaren Julietas Romeo Circo ikuskizuna estreinatu zela. Talde horrek ere urteak bete zituen (35 urte). Zirku garaikideko ikuskizun bat da lan hori, euskal zirkuaren aldeko apustu handia agerian uzten duena. “Obra dibertigarri bat, tragediaren emozioari uko egiten ez diona. Ikuskizun sutsu eta fisikoa, istorio unibertsal eta ezaguna kontatu nahi duena, testurik gabe”.
Markeliñe antzerki konpainia zornotzarrak ere ekimen honekin bat egin du, eta emankizun batzuk luzatu ditu Amorebieta-Etxanoko herritarrek beraien etxeetatik ikus ditzaten.

Igotzen diren bideo guztiak orrialdean egongo dira, nahi duten guztiek edozein momentutan ikus ditzaten.

Exit mobile version