ESZENA

“Zirkuitua”, Bilboko auzoetako antzerki programa antzerkiz blai dator

Bilboko Udalak antolatutako Zirkuitua programaren 19. denboraldia antzerkiz blai dator. Ekimena, gaur berton abiatuko da San Frantziskoko Udaltegian, Olatz Gorrotxategik zuzendutako umore absurduari buruzko Ganeko Crew lanarekin. Urteko lehen hiruhileko honetarako programazioaren barruan (martxoaren 27ra arte), 14 konpainia bilduko dira, eta horiexek 17 antzerki eta dantza emanaldi eskainiko dituzte.

Gaurko saioan umore absurdua da nagusi. Bertan, pertseidak ikusteko Ganekogorta mendian elkartu den jende talde baten esperientzia kontatzen da. Usue Martinezek, Marina Lapuentek, Aitor Arabiourrutiak eta Olatz Gorrotxategik osatzen duten konpainiak “talde bateko kide izateak sortzen dituen harremanetan eta menpekotasunetan eta gizakiak talde horretako kide izateko duen etengabeko premia ikertzen du, ikuspegi dibertigarri eta lotsagabe samarretik kontatuta, eta beti ere entretenimendua, harridura eta zoramen eszenikoa helburu izanda”.

Bilboko Zirkuituaren programazioak beste bi saio izango ditu aste honetan. Ostegunean,  Otxarkoagako Udaltegiak Acércate Teatroren Dalias antzezlana jasoko du. Federico Garcia Lorcaren testuetan oinarritutako lana da, Eriz Cerezo Ferronek eta Zaloa Gomez Arrietak antzeztua. Hurrengo egunean, otsailaren 7an, Castañoseko Udal Zentroak Goitibera Teatro taldearen Amatxik dixit euskarazko pieza eskainiko du. “Marcelinaren eta Rafaelen oroimena berreskuratu eta Gerra Zibilean eta Frankismoan jazarri eta kondenatu zituzten pertsonak omendu nahi dituen maitasun eta gerra istorioa”.
Horiez gain, honako konpainiek ere parte hartuko dute: Mama Crea, Con la que está cayendo, Iuris Tantum, Acércate Teatro, Bilbao Improg Big Band, Green Room, Aimara Teatro, Ana Capilla, Loida A. Gómez edo Alopargo Teatroa.

Bilboko Udalak aurrera jarraitzen du Bilboko Zirkuituarekin, “tokiko eszena bultzatzeko eta antzerkia hiriko auzo guztietara eramateko helburu bikoitzarekin”.

Egunez eguneko programazio guztia hemen topa dezakezue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button