ESZENA

Zirku eta Clown piloa Bilboko Kalealdiaren XIV. edizioan

Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdiak, Bilboko Kalealdiak hamalaugarren edizioa ekarriko du aurten hiriko kaleetara, uztailaren 2tik 6ra.

Kale Nagusiaren inguruek eta Zazpi Kaleen inguruetako zenbait plazak 39 ikuskizun jasoko dituzte, 20 konpainiarekin. Horietatik bederatzi Frantziatik eta Belgikatik etorritakoak dira, zazpi Estatutik, eta ATX Teatroa, Deabru Beltzak, Hortzmuga eta Turukutupa taldeak Euskal Herrikoak dira.

Bilboko Kalealdiak proposamen eszeniko berritzaileak zabaldu nahi ditu biztanleen artean, eta hala, clown-a, malabareak, akrobaziak, txotxongiloak, zirkua, antzerkia, musika, dantza garaikidea,… eta beste proposamen eszeniko batzuk ikusteko abagunea izango da datorren hileko lehen egunetan.

Proposamen asko izango dira baina batzuk, ezinbestez, aipatzekoak dira. Hala, Kalealdia inauguratuko den egunean Subliminati Corporation konpainia frantsesak Le cabaret subliminal lana aurkeztuko du Arriaga plazan.
Musika ibiltari proposamen interesgarria ere jasotzen da, Système Páprika frantsesen Cocottes zé Bagatelle ikuskizunaren eskutik. Tramankulu mugikor baten gainean, ikus-entzuleei abesti bidaia bikaina proposatzen die.

Jaialdiaren erdian, Areatzak Ouch entertainment et zirk théâtre co-production konpainia belgikarraren ikuskizun dibertigarria jasoko du, musikan eta komikotasunean oinarritutako ikus-performancea.

Euskal herriko taldeei dagokionez, Deabru Beltzak taldea Plaza Barrian izango da uztailaren 3an, Drumbreak, break dance eta perkusio fusioa, erritmo eta koreografia borroka nahasiriko dantza ikuskizunarekin; Hortzmuga taldeak, politikaren eta komunikabideen arteko erlazioari buruzko gogoeta egiten duen Yo estuve allí y … no lo contaron como yo lo vi ikuskizuna eskainiko du; Turukutupa konpainiak, ikus-entzule guztiei zuzendutako Rezikletas musika ikuskizuna egingo du eta amaitzeko, ATX Teatroa taldeak, 2012ko Umore Azokan aipamen berezia jaso zuen Gnosia lana antzeztuko du Arriaga plazan.

Bilboko Kalealdiaren amaiera, Xarxa Teatre konpainia valentziarrak egingo du Papers ikuskizunarekin.

Gainera, Bilboko Kalealdiaren edizio honek zirkuko profesionalei zuzendutako bi ikastaro eskainiko ditu. Bat malabarismo ikastaroa (Mikel Ayala adituak eskainiko du) eta gorputzen eta objektuen manipulazioaz bestea (Fet a Má konpainiak emango duena)

Programazioaren xehetasun guztiak, ordutegiak eta kokalekuak hemen kontsultatu ahal izango dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button