IKUS-ENTZUN

“Zinexit”, Giza Eskubideen Zinema Erakustaldia abian da

Giza Eskubideen Zinema Erakustaldiaren edizio berria gaur berton hasiko da, azaroak 25, Golem Alhondiga zine aretoetan, eta ostiralera bitarte, lau film dokumental emango dituzte, guztiak, giza eskubideen gaiarekin erlazionatutako urteko nazioarteko dokumental aipagarriak. Proiekzioen ondoren, gainera, solasaldiak egingo dira gonbidatu bereziekin. Hitzordu guztiak, arratsaldeko 19:30ean izango dira.

Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Giza Eskubideen Zinema Erakustaldiaren hamargarren edizioak, gainera, saio bereziak ere ondu ditu. Hala, Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendutako Zinexit Eskola programa saioa berezia ez ezik, Gasteiz, Barakaldo eta Basauri ere bisitatuko ditu egitarauak.

Hala, gaurko saioan, Adan Aliagak eta Alex Lorak zuzendutako  El Cuarto Reino  (2019) filma proiektatuko da, Documenta Madrid, Atlanta Film Festival eta Amsterdam Film Festival jaialdietan sariak jaso dituena. Film honetan, zailtasunak dituzten estatubatuarrak eta legez kanpoko etorkinak bizi diren New Yorkeko Brooklyngo komunitate baztertu bateko eguneroko bizimodua islatzen da: René da protagonista,  paperik gabeko jatorri mexikarra duen langile prekarioa. Amets Amerikarraren gezurra da filma honek agerian utziko duen gaia. Emanaldiaren ondoren, Adan Aliaga zuzendaria bera izango da solasaldian.

Biharko saioan, aldiz,  Midnight Traveler  (Hassan Fazili, 2019) proiektatuko da. Fazili zuzendari afganiarra da protagonista ikus-entzunezko honetan. Hala, talibanek heriotza zigorrera mehatxatu eta bere familiarekin Europara ihes egin behar izan zueneko istorioa kontatzen da. Film honek, nazioarteko sei jaialditan (Berlin eta Sundance, besteak beste) hainbat sari jaso ditu. Basauriko Social Antzokian, abenduaren 4an emango dute ikus-entzunezko bera.

Asteazkeneko saioan, Perun pertsonen salerosketaren eta behartutako prostituzioaren biktima baten biziraupenari buruzko Con el Nombre de Tania ( Mary Jimenez, Bénedicte Liénard. 2019)  ekoizpen belgikarra emango da, nazioarteko lau sari jaso dituena. Barakaldon ere, asteazkenean izango da film horren proiekzioa.

Ostegunean, berriz,  erabateko estreinaldia izango da Awlad – Hesiak Gainditu euskal ekoizpenaren proiekzioarekin. Filmak, euren jatorrizko herrialdeetako indarkeriatik ihesi,  Berlinen, Greziako Samos uharteko errefuxiatu eremuan eta Oñatin bizi diren lau neska-mutilen historia gordina kontatzen da. Ikus-entzunezkoa, Ane Irazabal Euskal Telebistako berriemaileak eta Cosimo Caridi italiarrak zuzendutakoa da, biak hala biak, herrialde arabiarrak eta migrazio mugimenduak ondo ezagutzen dituzten kazetariak. Filmaren ondorengo solasaldian Ane Irazabalek berak parte hartuko du. Ikus-entzunezko hau ostegunean, azaroaren 28an, Bilbon ez ezik, Gasteizko Florida zinema aretoetan ere emango da, ostiralean, azaroaren 29an.

Zinexit Eskola programari dagokionez, aurtengo edizioan aukeratutako filma Ploey, ez duzu inoiz bakarrik hegan egingo da, 2018ko animazio film islandiarra, euskaraz bikoiztutakoa. Migrazioaren garaia iristen denean hegan egiten ikasteko arazoak dituen gazte baten istorio hunkigarria kontatzen da bertan.

Eta zikloari amaiera emateko, klasiko bat: Falso Culpable lapurreta bat dela eta modu okerrean akusatutako gizon bati buruz Alfred Hitchcockek egindako lan ahaztezina, ohiko thrillerretatik urrun dagoen drama errealista, eta Henry Fondarekin egin zuen lan bakarra. Film horrek itxiko du zikloa Bilbon, azaroaren 29an, ostiralean.

Giza Eskubideen Zinema Erakustaldiaren egitarauaren xehetasun guztiak, hementxe dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button