IKUS-ENTZUN

“Zinexit”-ek Giza Eskubideen deklarazio unibertsalaren 70. urtemuga ospatuko du

Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideak, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritzak Elkarbizitzaranzko 9. Zine Erakusketa antolatu du. Gaur goizean, Monika Hernando, Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaria; Octavio Gonzalez, Zinexiteko programatzailea; eta Itziar Urtasun, Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaiak Saileko Zinegotzia Bilboko Azkuna Zentroan izan dira ekimenaren gaineko xehetasunak ematen.

Bizikidetzaranzko Zine Erakusketaren 9. edizioak  giza eskubideekin bat egin nahi du, Nazio Batuek deklarazio unibertsala aldarrikatu zutenetik 70 urte bete direnean.
Hori dela eta, Zinexitek bere programazioa zabalduko du gaurko egunetik ostiralera bitartean, eta egun horietan bost film eskainiko ditu. Proiekzio guztiak 19:30etik aurrera izango dira Bilboko Golem Zinemetako 1. aretoan. Filmaren emankizuna amaitu ostean, parte hartzaile guztiei zuzendutako solasaldi bat ere programatu da.

Gaur, azaroak 19, inaugurazioa izango da A Year On Hope filmaren estreinaldiarekin. Mikala Krogh zuzendari eta gidoigilea Filipinetara joan zen urte batez bere azken filma zuzentzera. Horren ostean, solasaldia antolatu da Save The Children-Euskadiko zuzendari Eva Silván-ekin. Bihar, When the war comes filma pantailaratuko da. Jesus Alvarezekin izango da solasaldia, (Amnistía Internacional Euskadi). Azaroaren 21ean, Mr. Gay Syria filma pantailaratuko dute. Filmak bi siriar gay errefuxiaturen gorabeherak jorratzen ditu, haiek euren bizia bideratzen saiatzen diren bitartean. Emanaldiaren osteko forumean Pau Guillén, Zinegoak-eko zuzendaria, eta Adolfo Guerra, gay errefuxiatua bilduko dira berbetan. Ostegunean, City Of Ghosts filmaren estreinaldia programatu da. Maribel Izcuerekin (5W aldizkariko erredaktore burua) izango da elkarrizketa. Azkenik, barikuan, Sidney Lumet zuzendariaren 12 Angry Men klasiko bikainarekin amaituko da ekimena.

Arratsaldeko bost emanaldi hauekin batera, Zinexitek Euskal Herriko beste hiru herritara eroango du proposamena (Barakaldo, azaroaren 20an,  Gasteiz 28an, eta Basauri 29an). Horrez gain, ikasleentzako prestatu diren emanaldietan, lehen mailako ikasleentzat animaziozko film bat eta DBHkoentzat  beste film luze bat eskainiko dira.

Informazio gehiago: Zinexit.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button