ESZENA

“Francoren bilobari gutuna”, Beasainen

Gaur berton, martxoak 17, Beasaingo Usurbe Antzokian, Artedrama  (Bizkaia), Le Petit Théâtre de Pain  (Lapurdi) eta Dejabu Panpin Laborategia (Gipuzkoa) taldeen eskutik, Francoren bilobari gutuna lan arrakastatsua ikusteko parada egongo da. Hurrengo egunean, 18an, Igorrera joango dira. Ostean, Hernani, Biarritz, Donostia eta Hendaia bisitatuko ditu obra honek.

Unai Iturriagak eta Igor Elortzak idatzitako eta Ximun Fuchsek zuzendutako obran hiru gai lantzen dira: gizartearen osasuna, izugarrikerien transmisioa, eta Frankismoaren oroimena eta herentzia. Eta gai horiei gorputza emateko Ander Lipus, Patricia Urrutia, Manex Fuchs, Zoila Berastegi, Urko R. Pescador, Pako Revueltas eta Erika Olaizola dira antzezleak.

Eta pertsonaia horiek egoera honetan murgiltzen dira: Iñakik leuzemia du. Joxanek berrogeita sei urte eta gerra zibileko obus baten txatala buruan. Etorkizun bideragarririk ez duen ospitalean iragana eta oraina kateatzen dira Migel eta Kristina medikuen ametsetan. Itxarongeletan sekula agertzen ez diren pazienteen izen zerrendak entzuten dira ordena alfabetikoan eta Carmen Martinez-Bordiuk betetzen du bihotzeko aldizkari maiztuaren azala. Iraun beharraren gaitzak jotako komunitate baten hezurren eta gezurren erradiografia traumatologikoa da Francoren bilobari gutuna.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button