LITERATURA

Gaur hasiko dira Eako Poesia Egunak

Poesia ezin da kabitu lelopean abiatuko dira uztailaren 17, 18 eta 19an aurtengo Poesia Egunak.

Gaur izango da poesiarekiko lehen zita eta horretarako oso hitzaldi interesgarria atondu da: Joxe Azurmendi 60ko poesiaren eraberritzean. Alaitz Aizpuruk idazlearen poemagintzari errepasoa egingo dio Eskolondoko liburutegian. Gauean musika ekarriko du 22m2 taldeak.

Larunbateko egitarauan gauza interesgarri asko daude. Poesia (zubi bat) bertsolaritza izeneko hitzaldia prestatu du Maialen Lujanbiok, eta horren ostean Kapital Publikoa errezitaldia egingo du Otamendik. Ituskizuna ikuskizun berriaren lehen ekinaldia ere ikusteko parada egongo da arratsaldean, Itu bandarekin. Geroago Kafkaren aulkia ikusgarria Itxaro Borda, Uxue Alberdi, Andoni Egaña eta Pello Ramirezekin. Gaueko 22:30ean, Metrokoadroka laborategiak Su izan nahi: hildakoak, senideak eta maskotak izeneko obra antzeztuko du. Gaueko musika, aurrekari penalez josita etorriko da Anarirekin.

Igandeko hitzorduan Miren Agur Meabek Nire arestiar lauburuak izeneko hitzaldia egingo du. Arestiren figurak, bere testuek eta inguru-maria horretan sortu den guztiak bere bizitzan izan duen eraginaz arituko da idazle lekeitiarra. Eguerdi partean, Antonio Casado da Rocha, Tere Irastortza, Joan Mari Irigoien eta Mikel Antzaren poemak irakurriko dira Beñat Barandiaran musikariaren laguntzaz. Azken eguneko ikusgarriak Tenpora taldearen, eta Jule Goikoetxea, Kattalin Miner eta Danele Sarriugarteren eskutik etorriko dira, hurrenez hurren. Lehenak Mundu berria diskoa aurkeztuko du, eta hirukoteak Danele Sarriugarteren Erraiak eleberria eta Jule Goikoetxearen Tractatus poesia liburua uztartuta sortutako Erractus errezitaldia da.

Agian poesia guztia ez da kabituko baina zati handi bat, bai.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button