IKUS-ENTZUN

Lucrecia Martel argentinarraren “Zama” pantailaratuko dute gaur Bilbon

Bilboko Fas zineklubak Lucrecia Martel zinegile argentinarraren Zama (2017) filma pantailaratuko du gaur, El Carmen aretoan, 19:45ean. Antonio di Benedetto autorearen izen bereko eleberriaren moldaketa da Zama, eta Don Diego de Zamaren zoritxarrak kontatzen ditu.

Queyi musikari eta zinegileak, eta Joseba G.M. eta Ivana Belen Ruiz EHUko soziologoek aurkeztuko dute emanaldia.

Argentinako zinearen berritzaile eta kultuzko sortzaile da Martel. Horretaz gainera, nazioartean bere bidea egiten ari da, bere lana mundu osoko zine-jaialdietan ikusi baita, tartean, Cannes, Berlin, Venezia, Toronto, New York, Sundance eta Rotterdam. Munduko zineman, “bere presentzia eta zigilua eztabaidaezinak diren honetan”.

Orain arte lau film egin ditu: La ciénaga (2001), La niña santa (2004) eta La mujer sin cabeza (2008) eta Zama (2017).

Bilboko zineklubaren arabera, “abangoardiako filma da (Zama), paisaia eta aurpegi ederrez beteriko lurraldea bertan bizitzera ausartzen diren atzerritarren itsustasunarekin kontrastatzen duena. Deskonexio formala eta narratiboa, inperioa ordezkatzen duen guztiari ustelkeria, korrupzioa eta hutsune existentziala darizkio. (…) Herzog eta Pasoliniren oinordekoa den autorearen erraietatik sortzen den arrisku zentzu eta abentura zinematografikoarekin”.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button