Nontzeberri

“Zinema Euskaraz” programa Bilboko ikastetxeetako ikasleentzat

Balioetan oinarrituta hezteko aukera luzatzeko helburuz, Bilboko Udalak Zinema Euskaraz ekimena eskaintzen die ikastetxeei, eta horretarako, euskarazko zenbait film pantailaratuko ditu haien gainean gogoeta egin eta landu egiteko unitate didaktikoen bidez. Guztira, 2019-2020 ikasturte honetan, 16 film eskainiko zaizkie lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleei.

Film bakoitzaren ostean hainbat gai landuko dira ikasleekin, eta pertsonaien jokabidearen gaineko gogoeta eta analisia ere bultzatuko da, izan ere, filmek balioen inguruko gaiak lantzen dituzte, hala nola “berdintasuna, eskolako inklusioa, norberaren buruaren estima, egunean-egunean norberaren burua hobetu beharra, nerabeek eguneroko bizimoduan euren sentimenduei aurre egin beharra, adiskidetasuna edo klima aldaketa, besteak beste”.
Ikasturte honetan beste gai berri bat ere izango da: transexualitatea.

Joan den ikasturtean, 35 ikastetxek hartu zuten parte ekimenean, eta aurtengoan 40 bat ikastetxek eman dute izena. “Programan parte hartu nahi duten ikastetxeek izena eman ahal dute, kurtso osoan zehar, Tinko Euskara Elkartearen web gune honen bidez (www.tinkoeuskara.eus) eta Irudi Biziak Elkartearen webgunearen bidez (www.irudibiziak.com)”.

Saio guztiak Bilboko El Carmen aretoan eta Azkuna Zentroko Golem zinemetan eskainiko dira, maiatzera arte. Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan (3 eta 12 urte bitartean), film hauek eskainiko dira: Pim & Pom, Harri Zopa, Yugo & Lala, Alfonbra Magikoa, Paddington 2, Oker, Asterix: Edabe Magikoaren Sekretua, Terra Willy: Planeta Ezezaguna, Ploey- Ez Duzu Inoiz Bakarrik Hegan Egingo eta Mr Link: Jatorri Galdua. Bigarren Hezkuntzan (12 eta 16 urte bitartean), honako hauek: Loreak, Gazte Harrigarria, Just Charlie Enderren Jokoa, El Viaje de Nisha eta Una Bolsa de Canicas.

Exit mobile version