Nontzeberri

“Zinema eta Zientzia” zikloa, Bilbon eta Donostian

Martxora bitartean Zinema eta Zientzia zikloa egingo da Donostiako Tabakaleran eta Bilboko Arte Ederren Museoan. Zikloaren hirugarren edizioaren barruan, 11 film proiektatuko dira guztira.

Aurtengo edizioak hainbat berritasun dakartza, eta hala, emanaldiekin batera, zientziaren alderdi desberdinak jorratuko dituzten bost hitzaldi, ikastetxeei zuzendutako proiekzioak, musika zuzenean izango duen emanaldi bat eta Donibane Lohitzunen ospatuko den ekitaldi berezi bat ere antolatu dira.

Programazioaren gaineko datu guztiak hemen kontsultatu ahal dituzue, agian hori baita askorentzat punturik garrantzitsuena; geuk ostera, Euskal Filmotekak idatzitako letra hunkigarri hauek ekarri nahi izan ditugu. Honakoak: “Berriki Euskadiko Filmategira egindako bisitan, pasadizo bat kontatu zigun Bertrand Tavernier zinemagile handiak. Frantziako hiri bateko aldiriei buruzko dokumental bat filmatu zuen sei hilabetez, Nils Tavernier semearekin batera. Han, besteak beste, fabrika bateko langile jada erretiratu bat elkarrizketatu zuen, eta oso hunkigarriak izan omen ziren haren hitzak. Handik denbora batera, bisitan joan zitzaizkion Bertrand eta Nils, eta ikusi zuten langilea gaixorik zegoela, larri, ordurako oso ahulduta. Etxe-atarian, Bertrand agurtzekoa zela, hari begiratu, eta esan zion langileak: “Segi transmititzen”. Sekula esan dioten esaldirik hunkigarrienetako bat izan omen zen hura Bertrand Tavernierrentzat. Zerbait sakratua zuen esaldi hark, agindu moduko bat, bera bezalako zinegile batentzat. Harrezkeroztik egiten duen guztia gizon harengan pentsatuz egiten duela aitortu zigun Bertrand Tavernierrek”.

Proiektuaren oinarria zientzialariek egindako filmen aurkezpenak eta filmak ikusi ondoko eztabaidak dira. “Tavernierri esandako gauza bera ari zaizkigula esaten guri: jarraitzeko transmititzen, alegia. Eta asmo horixe dugu hirugarren ediziorako”.