IKUS-ENTZUN

“Zineleku”, ikus-entzunezkoen trebakuntza eta ekoizpenerako ekimena

Gaurtik hasita eta uztailaren 26ra bitarte, Zineleku ekimena egingo da Gasteizen. Programak hitzaldiak, proiekzioak, performanceak,  trebakuntza ikastaroak, ikus-entzunezkoak eta bestelako diziplinak uztartuko ditu.

Hala, hamabi egunez, 18 eta 29 urte bitarteko gazte talde batek diziplinarteko formazio bat jasoko du, arte ezberdinen arloetako izen handiko profesionalen eskutik. Programan parte hartuko duten gazteak Gasteizko Alde Zaharreko Santa Maria aterpetxean biziko dira elkarrekin.

Proiektuari buruz, “helburua ikus-entzunezko sortzaile berriei, ikuspuntu komunitariotik, diziplina arteko prestakuntza ematea” dela azpimarratu nahi izan dute antolatzaileek. Era honetan, tailerrak ikus-entzunezkoen arloan unibertsitateetan ematen diren edukiak osatzeko daude pentsatuta eta hori horrela, “parte-hartzaileek tailerretan parte hartuko dute lehen zortzi egunetan, eta gainerakoetan, partaide bakoitzak praktika mota bat garatzeko aukera izango du”. Uztailaren 26ko amaierako jaian, ikasleen eta artisten elkarlanaren ondoriozko lan esperimental eta diziplinarteko proiektuen aurkezpena egingo dute.

Aurtengoa laugarren edizioa izango da, eta egitarauak gonbidatu eta edukien aukeraketa zaindua dakar. Hartara, gaur bertan, Baratza aretoan, Eugenio Mira zuzendariarekin topaketa bat eskainiko du programazioak. Bertan, aurrekontu handiko eta nazioarteko antzezleekin egindako ekoizpenetan bizi izan duen esperientzia ezagutzeko aukera izango du bertaratzen denak. Hitzordua, 19:00etatik aurrera.

Eta gaueko 22:00etan, zuzendari horren Grand Piano filmaren proiekzioa programatu da, Artiumeko barneko plazan. Bertsio originalean (azpitituluak gaztelaniaz), Tom Selznikck (Elijah Wood) gazte pianistak gainditu beharko duen beldur eszenikoaz hitz egiten du, inoiz eman beharko duen kontzerturik onena emateko eta bere bizitza eta bere emaztearena arriskutik gordetzeko. Eta ondoren zuzendariarekin solasaldia izateko aukera egongo da.

Egitarauaren xehetasun guztiak, zineleku.org webgunean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button