LITERATURA

Zinegotzi eskuindar baten gorabeherak

“Eskumako zinegotzia berandu esnatu zen Euskal Herriaren independentzia bere eskutik etorri zen egunean”, esaldi horrekin hasten da Fermin Etxegoien (Oñati, 1966) idazle eta kazetariak gaur, ekainak 6, Bilbon aurkeztu duen Zinegotzia (Erein) bere bigarren nobela.  Aurretik Autokarabana (Pamiela) eleberri saritua idatzi zuen 2009an.

Etxegoienen hitzetan, “muturreko fabulazio”  hori izan zen Euskal Herriko zinegotzi eskuindar baten 24 ordu giltzarriak jasotzen dituen liburuaren “txinparta”.  Istorioaren bukaerari dagokionez, ondokoa azaldu du oñatiarrak: “zinegotzia hitza betetzen saiatuko da”.

Eskuindarrek duten munduaren  ikuskera literaturaren bitartez zabaltzea interesgarria iritzi dio Etxegoienek. “Euskal literaturako pertsonaien %99 ezkerrekoak dira edo izan dira; pertsonaia hau, aldiz, ez da idealista bat, ez du ideologietan sinesten, eskuineko guztiek bezala”.

Independentziari lotutako hasiera “hordago handitzat” jo duen arren, istorioa oso lotuta dago errealitateari. “Hemen eta orain gertatzen ari dena kontatu nahi izan dut”. Hala, duela hilabete gutxi batzuk Zipren izandako krisi ekonomikoa sartu ala ez dudatan aritu zela azaldu du gaurkotasun horren harira.

Bestalde, pertsonaiaren esparru familiarrak ere bere garrantzia dauka errealitate sozioekonomikoa eta historikoa jasotzen duen lehenengo zati horren aurrean. “Konstelazio familiarrak indar handia dauka, eguneroko bizimoduak, egun bakar bateko zereginek, istorioa 24 ordutan gertatzen baita”. Familia esparru hori liburuaren bigarren zatian jaso du gipuzkoarrak. 

Hirugarren eta azken atalean, berriz, zinegotziak agindutakoa bete beharko du. “Akrobaziak egin behar izan ditut zerbait gerta dadin; bukaerak zeresana emango du, baina ez da hori gauzarik garrantzitsuena”.

Honela laburbildu du idazleak bere bigarren nobela: “Literaturan egin daitekeen gauzarik oinarrizkoena egin dut: pertsonaia bat sortu, eraiki, eta mundura bota”.

Azkenik, aurkezpen ekitaldian izan den Inazio Mujika Erein argitaletxeko editoreak azpimarratu du Etxegoienek ez dituela liburuak idazten lagunak egiteko, eta istiluetan sartzeari ez diola beldur. Liburuak hemengo paisaia jasotzen duela nabarmendu du, egungo egoera muturrera bihurrituz. “Gure ispilu deformatua da”. Alabaina, idazleak hori guztia kontatzeko erabili duen umorea azpimarratu du. “Irribarrearekin ezpainetan irakurtzen da, umore hori nolakoa den jakin ez arren”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button