IKUS-ENTZUN

“Zinegoak” jaialdia nobedadez josita dator aurten

Zinegoak jaialdiaren inguruko xehetasunak eman zituzten atzo aurkezpen-prentsaurrekoan. Jaialdia otsailaren 18tik martxoaren 3ra arte luzatuko da, eta nobedadez josita dator aurten. Guztira, jaialdiak 25 film luze izango ditu Sail Ofizialean, hiru kategoriatan banatuta: FIK, DOK eta KRAK. Film labur ugari ere egongo dira: guztira, mundu osoko 47 lan.

Zinegoakek genero-adierazpena landu nahi du aurten eta horrexegatik edizio honetako leloa Lumaz harro da. Pau Guillen zuzendariak aipatu zuenez, “norberak bere identitatea modu naturalean adieraztea aldarrikatu nahi dugu. Lumaz harro gaude, ez da lotsatzeko kontu bat. Bakoitzak eskubidea izan behar du, naturaltasunez, nahi duen moduan bere generoa adierazteko, eta lau haizetara zabaltzeko. Lumak indartsu egiten gaituelako”.

Jaialdiaren inaugurazioa otsailaren 18an izango da, Arriaga Antzokian, 20:00etan. Egun horretan, Sridhar Rangayan zuzendari, ekoizle eta ekintzaile indiarrak edizio honetako Ohorezko Saria jasoko du. Aurreko egunean, hilaren 17an, BBK aretoan antolatutako proiekzio berezi batean, Rangayanen azken filma, Evening Shadows, ikusi ahal izango da, zuzendariaren parte-hartzearekin.

Jaialdiaren lehenengo astean, otsailaren 18tik 24ra arte, jaialdiko pelikula guztiak proiektatuko dira Golem eta Bilborocken, eta BilbaoArten Zinegoakeko zertzelada bat ikusi ahal izango da, doako sarrerarekin.

Fikzioak FIK kategorian bilduko dira; DOK kategorian, dokumentalak izango dira protagonista eta bertan, intersexualitatearen errealitatea ezagutzera emango da; KRAK kategorian, zinerik apurtzaileena bilduko da.

Zineaz gain,  arte eszenikoek toki zehatza izango dute jaialdian. “Inaugurazio ekitaldian Elisa & Marcela antzerkiaz gozatu ahal izango dugu, A Panadaría konpainia galiziarraren eskutik. Horrez gain, otsailaren 24an, goizez, Xake Produkzioen Lur antzezlana egongo da, umeen transexualitatea modu hunkigarrian lantzen duen antzezlana”.

Horretaz gain, makina bat jarduera osagarri antolatu dira, hala nola, hitzaldi eta proiekzio bereziak, ZG Jardunaldi Profesionalak eta masterclassak, liburu aurkezpenak, eta abar.

Eta betiko legez, jaialdia behin amaituta, Zinegoakeko hedapena hasiko da. Euskal Herri osoko 44 udalerritan, 60 proiekzio antolatuko dira.

Informazio guztia: Zinegoak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button