ARTEA

Javier Alkain margolariaren “Isil, Bare” erakusketa ikusgai, Donostian

Javier Alkain margolariak, duela hilabete batzuk, Isil, Bare izeneko erakusketa paratu zuen Donostiako Arteko galerian. Galeriak erakusketa bisitatzeko proposamena luzatu nahi izan du, maiatzaren 23ra bitartean. Modu birtualean ere bisitatu ahal duzue bertan.

Hamarkada bat pasatu da artistak bere azken lanak erakutsi zituenetik. Orain, paisaia da ardatza eta gako nagusia, eta erdigunerik ez izatea du ezaugarri. Txoko bakoitza zaindu eta txukunduz, marrazkia gainjarritako geruzen arteko zirrikituetatik sortzen da, airea eta argia iragazten dituzten egiturak osatuz. Leku batzuetan, begirada behatutako azaleko leku batetik bestera joan behar izaten da, ikuslea eremu kontraesankor (huts-betea) horretan barrena paseatuz.

Alkainek mikrokosmosetik landuriko paisaiak egiten ditu; detaileak ditu gustuko eta aztergai. Geometria abstraktuak eta estruktura arkitektonikoak erabiltzen ditu edertasunaren zentzuari forma emateko. Landuriko piezek arreta handia eskatzen dute, kontenplazio sakona.

Lurraren bazterrak, lekuen lekuak, urruneko paisaiak dira bere inspirazio iturri. Minimalismoaren bidez, errepikapenak egiten ditu, adierazpen minimoa maximo bilakatu arte.

Artelekurekin izan zuen harremana eta hantxe burutu zituen bere lehen erakusketak, 1990ean. Sari askoren jabe da Alkain: Bancaja saria, Gure Artea eta Endesa Beka. Bere tailerrean egiten du lan egunero, moda eta joeretatik aldendurik.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button