IKUS-ENTZUN

Zinebiren Ohorezko bigarren Mikeldia Apichatpong Weerasethakul zinegile thailandarrak jasoko du

ZINEBIren 60. edizioko Ohorezko bigarren Mikeldia Apichatpong Weerasethakul zinegile thailandarraren eskuetara joango da azaroaren 16an, Arriaga Antzokian 20:00etatik aurrera egingo den jaialdiaren amaiera ekitaldian. Bertan gainera,Torontoko Zinemaldian estreinatu berri duen Blue azken film laburra ikusteko aukera ere egongo da.

Bilboko Udalak antolatutako Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, Apichatpong Weerasethakul zinegile thailandarraren “sakonera poetikoa eta errealitatea eta fantasia naturaltasunez uztartzen dituen ikus-entzunezko lan zorrotza eta koherenteari” bere errekonozimendua emango dio sari honen bitartrez.

Horrez gain, jaialdiak, zinegilearen 22 film laburrez eta ertainez osatutako atzerabegirakoa eskainiko du Guggenheim Museoan, azaroaren 14an eta 15ean. Horietako batzuk ez dira inoiz ikusi Estatuan. Horrez gain, 2010ean Canneseko Urrezko Palma irabazi zuen zinegileak, bere filmen inspirazio iturri diren kultur eta arte erreferentzietan, eszenan jartzearen prozeduratan eta antzezleekin egiten duen lanean zentratutako masterclass bat eskainiko du.

Apichatpong Weerasethakulen zinea (Bangkok, 1970), “begirada erabat propioa eta guztiz originala duen zinea da, exigentzia eta poesia maila altukoa da eta, aldi berean, lehen mailako emozioetara ere jotzen du” Zinebiko zine kritikarien esanetan.

Thailandia ipar-ekialdean hazi zen, eta arkitektura ikasi zuen Khon Kaen-eko Unibertsitatean –probintzia hori da bere lan gehienen agertokia– . Ondoren Chicago School of the Art Institute izenekoan ikasi zuen. Mysterious object at noon (Dokfa nai meuman, 2000) izan zen bere lehenengo film luzea, Rotterdam-eko Nazioarteko Zinemaldian estreinatu zena eta “bere karrerari bultzada handia eman ziona” .

Hainbat sari ere eskuratu ditu orduz geroztik, esaterako, Canneseko Zinemaldiko Un Certain Regard saria irabazi zuen Sud sanaeha, 2002 lanarekin, eta bi urte geroago zinemaldi horren Epaimahaiaren Saria irabazi zuen Tropical Malady, Sud pralad, 2004 lanarekin. Era berean, Urrezko Palma irabazi jaso zuen Lung Boonme raluek chat lanarekin (2010).

Azken hamarkadan Apichatpong Weerasethakulek arte aretoetara eta museoetara zuzendutako bideo-instalazioak, erakusketak eta egitasmoak egiten ibili da, eta jaso dituen ohorezko aintzatespenen artean, Japoniako Fukuoka Saria (2013), Emirerri Arabiar Batuetako Sharjah Biurteko Saria (2013), Hego Koreako Yanghyun Saria (2014) eta Herbehereetako Kulturaren eta Garapenaren Claus Printzea Saria (2016) daude, besteak beste.

ZINEBI, Apichatpong Weerasethakulen filmografiaren erakusketa programatu zuen Estatuko lehenengo jaialdia izan zen, 2004an. Bere lehenengo bi film luzeek eta sei film laburrek osatzen zuten etrakusketa. Oraingo honetan, Thailandiako zinegile eta diziplina anitzeko artista plastikoa Bilbora etorriko da jaialdiaren sari gorena jasotzeko. Hitzordua, azaroaren 16an, 20:00etan Arriaga Antzokian.

Informazio osoa hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button