MUSIKA

Willis Drummond-ek “Tabula rasa” egin du

A ala B (Bidehuts, 2012) diskoa atera zutenetik lau urte igaro ostean, Willis Drummondek hasiera berri bati heldu dio Tabula rasa izeneko lan berria eta izen bereko diskoa tarteko. Haustura horretan sakontzeko, Joseba B Lenoir taldekide finko fitxatu dute, Rafaren ordez, eta estreinakoz, ekoizle batekin aritu dira estudioan, Burke Reid (The Drones, Courtney Barnett…), zeinak A ala B nahastu zuen. Diskoa gaur ezagutarazi du laukoteak Bilboko Kafe Antzokian. Diskoa ez ezik, Joan ikustera doinuaren klipa ere aurkeztu dute.

Disko hau garai berri baten emaitza da, aldaketez josia. “Fasea berriek beldurra sorrarazten dute, baina ez da gure kasua, pozik baikaude”, esan du Xan baxu-jotzaileak emozioz beteta, diskoa eskuetan zuela estreinakoz.

Diskoa hiru astetan grabatu zuten Iñigo Irazoki taldearen zuzeneko teknikariak etxean duen Atala estudioan. “Reidek flipatu egin zuen Iñigoren ekipamenduarekin”, esan digu aurkezpen-ekitaldiaren ostean, Felix bateria-jotzaileak. “Intentsitate handiko lana izan da, ez da erraza izan, sufritu dugu, baina baita gozatu ere”, azaldu du Xanek. “Soinua homogeneoa eta aberatsa”, gehitu du Jurgi abeslariak.

Lan horretan zerikusi handia izan du Burke Reidek. Kanadan jaiotako baina Australian bizi den ekoizlea, Beran izan zen eta taldeko bosgarren kide bihurtu zen. “Erabateko elkarlana izan da, eta kantuen egiturak gitarrak eta bateriak aldatu ditu”, azaldu du Felixek.  Hala, soinuan zerbait berria aurkitu duten sentsazioa du laukoteak. “Gero entzuleari zaila egiten zaion arren berritasun hori antzematea”. Reide taldearen muinera iristen saiatu da. “Gauza interesgarrienak nabarmentzen ditu, taldearen esentzia bilatu du”, azpimarratu du Jurgik.

Beste berrikuntza bat ere badakar diskoak, diseinua hain justu. Izan ere, Ramon Zabalegik oraingoan, bere ohiko ilustrazio eta grabatuak alde  batera utzi, eta diseinu egokia egin du argazkietatik abiatuta. “Argazkiekin esperimentatu du, eta oso pozik gaude emaitzarekin”.

Taldeak rockaren alde klasikoena galtzen ari ote den iluntasunaren mesedetan galdetu diogu taldeari, baina ez dute jakin erantzuten: “Taldearen istantea harrapatu du diskoak”, erantzun du Jurgik. “Agian, iluntasunera jo dugu, baina ez da aurretiko helburua izan”.

Aholkua kantua taldearen une definigaitz horren isla izan daiteke: kantu melodikoa da, ustez hardcore melodikoa besarkatzen duena, baina bat-batean, egituran mozketa bat gertatzen da, eta gitarra soinu urratzaileak agertzen dira, zurrunbilo itzaltsuetan jolasean, azkenik lasaitasunera jotzeko, teklatuak tarteko. Diskoa, antzeko ezusteekin josita dago. Eta Reiden eskua nabaritzen da, taldearen mesederako, hala soinua nola kantuak aberastu egin baititu. Australiarren labela beti igartzen da.

Willisek diskoa aurkeztuko du larunbatean Bartzelonan, gero Durangoko Plateruenan, abenduak 2, eta gero Holandan barrena ibiliko dira kontzertuak egiten.
Durangoko Azokari begira, taldeak aurreko diskografia osoa berrargitaratuko du, eta argitaratu gabeko kanturen bat ere sartuko dute. 

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button