IKUS-ENTZUN

ZINEBIk Mariano Llinás zinegile argentinarra sarituko du

Gaur goizean ZINEBI Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 60. edizioaren egitarauaren aurrerapena bat iragarri dute. Laster, programazioaren muina iragarriko badute ere, ekimenaren antolatzaileek aurkezpen ekitaldi bat egin dute zenbait nobedade jakinarazteko, bai eta Urrezko Mikeldi sarietako bat nork irabaziko duen ere.

Vanesa Fernandez Guerra jaialdiaren zuzendari berriak jakinarazi duenez, sarietako bat Mariano Llinás (Buenos Aires, Argentina, 1975) zinegileak jasoko du, zeinak, besteak beste, Historias Extraordinarias film ezaguna zuzendu duen.

Horrekin batera, Llinásen azken lana ere aurkeztuko da ZINEBIn, La Flor: hamar urteko proiektua da eta filmak 14 ordu irauten du. Bilboko jaialdian hiru emanalditan banatuko dute filma, hiru egun ezberdinetan. Llinásek inaugurazio ekitaldian hartuko du bere saria, azaroaren 9an, Bilboko Arriaga Antzokian, 20:00etan.

La Flor Bilbon ikusi ahalko da estreinakoz, izan ere, estatu mailako estreinaldia izango da. ZINEBIko zuzendari Vanesa Fernandez Guerrak jakinarazi duenez, filma lau kapitulutan banatzen da, “oso ezberdinak haien artean”, eta lau atal horiek aktore berdinek antzezten dute: Pilar Gamboa, Elisa Carrajo, Laura Paredes era Valeria Correa. Lau aktoreek Piel de Lava talde artistikoa osatzen dute; laurak inaugurazio ekitaldian izango dira.

Horretaz gainera, ZINEBIko zuzendariak eta Nekane Alonso Bilboko Udaleko Kultura zinegotziak aurtengo ediziori lotutako bestelako nobedadeak aurkeztu dituzte; esaterako, jaialdiaren irudia berritu dute. Bilboko bi artista arduratu dira lan horretaz, Koldo Atxaga eta Maite Leyún. “Lehentasun bat izan da”, azpimarratu du jaialdiaren zuzendariak.

Vanesa Fernandez Guerraren esanetan, jaialdiaren egitaraua ildoak ere berregituratu egin dira, betiere, tokiko eta Euskal Herriko sorkuntzari toki handia eginez, bai eta nazioarteko film laburrei eta abangoardiako zineari ere. Horrekin batera, kanpaina bat ere abiatu dute sare sozialetan. Hurrengo asteetan, iragarriko nor den bigarren Urrezko Mikeldi sarietako bat, bai eta egitarauarekin lotutako zehaztasun gehiago ere.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ONARTU
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu