IKUS-ENTZUN

Zinebik Bertha Gaztelumendiren dokumentala estreinatuko du

Bihar, azaroak 12, Bilboko Kale Nagusiko BBK aretoan, 20:00etan, Bertha Gaztelumendik zuzendutako Ez, eskerrik asko. Gladysen leihoa film dokumentala estreinatuko da Zinebi jaialdiaren eskutik, Bertoko Begiradak sailaren barruan. Bertoko begiradak sekzioaren barruan 4 film luze dokumental eta 21 film labur pantailaratuko dira 61. edizio honetan.

“1979ko ekainaren 3an, guardia zibil baten tiroak Gladys del Estal gaztea hil zuen Tuteran. Mugimendu antinuklearrak aldarrikapen festa deituta zuen han Energia Nuklearraren aurkako Nazioarteko Jardunaldiaren barruan, Harrisburgeko (EE.BB.) zentral nuklearrean izandako istripu larriaren ondoren”. Piezak nor zen 23 urteko neska hura eta zelan izan ziren gertakariak kontatu nahi ditu.
“Gladys del Estal Ferreño Donostiako Egia auzoan bizi zen, programatzaile informatikoa zen eta bere lana Kimika ikasketekin uztartzen zuen. Militante ekologista ere bazen, eta, horregatik, ekainaren 3an Tuterara joan zen, Batzorde Antinuklearren deiari erantzunez. Egun horretan, Guardia Zibila bortizki sartu zen Prado pasealekuan, aurretik baimendutako ekitaldi baketsuaren kontra. Gladys hilda heldu zen ospitalera, buruan emandako tiro baten ondorioz. Tiro egin zuen agenteari 18 hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten”.

Bertha Gaztelumendi Komunikazio Zientzietan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Lau dokumental idatzi eta zuzendu ditu: euskal gatazkari buruzko Mariposas en el hierro (2012); Nigar franko egingo zuen aitak (2014); oroimen historikoari buruzko Las buenas compañías (2015); eta genero indarkeriari buruzko Volar (2017).

Bertoko begiradak sekzioaren barruan ikusi ahal diren film guztiak hemen dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button