EZLEKUBAT

Hollywoodek bazuen saihesbide bat

Edgar G. Ulmer beste izen-abizen bat baino ez da, zuetariko askok ziur aski ez duzue horrelakorik inoiz aditu eta agian norbaitek badaki nortaz ari garen. Horrelakoa zen eta dugu Hollywood, egile batzuk goraipatu zituen bitartean, beste batzuk errepide bazterrean utzi zituen, arekan behera.

Baina Ulmer gaur Bilbon da, Bilbao Artek abian jarri duen Art House Cinema ekimenaren barnean. Fisikoki 1972an alde egin zigun arren, iraileko hego haizeekin batera instalatu zaigu, hilabete osorako. Errenta merkea gurea.

Arte Ederrak ikasi zituen XX. mende hasierako Europa gatazkatsuan, zuzendari artistiko gisa aritu zen antzerki konpainia batean eta, Berlinen teknika zinematografikoari buruzko zenbait aspektu bereak egin zituen. Berehala alde egin zuen Amerikako Estatu Batuetara eta F.W. Murnau-ren zuzendari laguntzaile bilakatu zen. Hogeita hamarreko hamarkadan Erdialdeko Europatik Hollywoodera iritsitako zuzendarien artean, Ulmer ez zen nabarmendu.

Aurrekontu eskaseko ekoizpenetan parte hartu zuen, ez horrela bere garaikideek… Fritz  Lang, Douglas Sirk edota Fred Zinnemann, zinema-estudio handien arte eta parte ziren ordurako. Hala ere, terroreak, hogeita hamarreko hamarkadan major bihurtu zuen Universal Studios-en eskutik, orduko bi izarrekin lan egiteko aukera eskaini zion. The black cat izenburupean, Poe idazlearen idatziak irudi bilakatu zituen.

Boris Karloff-ek eta Bela Lugosik, Ulmerrek asmatutako dekoratu modernistetan dantza makabroa antzeztu zuten, Murnau-rekin irentsitako espresionismo alemaniarraren oinarri eta egiturak gurtuz.

Gaitasuna zuen, talentua, ikastuna eta maisua era berean, baina Hollywood-ek bihurgunez betetako bidea erakutsi zion, ez zen bestelako biderik harentzat. B mailako zientzia fikziozko filmak zuzendu zituen ondorengo urteetan eta nolabaiteko ospe eta erreputazioa lortu zuen, B munduan, B sailean, B aurrekontuan.

Bilbao Artek bere kalitatezko ekoizpenekin gozatzeko aukera luzatu digu, ziklo benetan hunkigarria, asmatua, kalibratua:  Barba azul, Extraña ilusión, Detour eta La extraña mujer, Bilboko udazken giroa arnasten hasi garenontzat.

Der Golem zuzentzen lagundu zuen gazte haren lau altxor horiek gure txoko honen izatea justifikatzen dute. Producers Releasing Corporation Hollywood-eko estudio txikian filmatutakoak gehienak, gure oroimenean gelditu dira, jenio biziz.

Ez diet guztiei erraiak aterako baina nire barrenak ez dira lasai geldituko 1945ean estreinatu zen Detour handiaz hitz egiten ez badut. Ahaztu esandako guztiak, ahaztu irakurtzen ari zaren hau eta 67 minutuko road-movie honetara zuzendu. Ziztu bizian igarotzen den zinta ilunak, inoiz ezagutu duzun femme fatale-rik (Ann Savage) krudelena, pertsonaia nagusirik errugabe eta inuzenteena (Tom Neal), errepide galduenak, Amerika sakonena, motel narras eta zikinenak… erakutsiko dizkizu.

Sei egunetan filmatutako bitxi honek ez du gidoi ikusgarri horietakoa eta aktoreak ere ez daude fin, baina badu gutxik dutena. Sinpletasun aberatsa. Aktore ezezagunak, bigarren mailako gidoia, aurrekontu murritza eta, hala ere, ordu pasatxoko gozamena. Detour-ek noir zinearen baliabideak ere bereak egiten ditu, flashback jarraiak lotzen ditu eta off ahots-aren presentzia erabakigarria da. Al Roberts pertsonaiaren ikuspuntutik azaleratzen zaigun istorioak eztanda egiten digu muturren aurrean, kontakizunaren planteamendua errealismo gordinenaz aireratuz; horrek pertsonaiaren lagun bihurtzen zaitu berehala.

Ez da perfektua, akats mordoa ditu, plano okerrak, korapiloaren argitasun falta, interpretazio eskasak… eta era berean argazkiak bereganatu egiten zaitu, besaulkitik errepidera, Tom Neal-en zapata beltz urratuetara, sentimendu kontraesankorretara.

Bilbao Artera bada biderik, agian, bide korapilatsua ere bai, asfalto gordinaz gauzatua, bakardade hiritarrean marraztua. Hara heltzeko badago aukerarik, beharbada ez zuzenena, ezta errazena ere, baina bai basatiena… beharbada saihesbide bat hartu behar. Hollywoodek bazuen berea, gurea da txanda. 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button