IKUS-ENTZUN

Zinebik baditu saridunak

Filmez eta emozioez  beteriko egunak joan dira, eta ikusitako lan guztien arteko nabarmenak saritu ditu Zinebik.

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren-Zinebiren 61. edizioko Sari Nagusia Luise Donschen Ganze Tage zusammen (Entire days together) (2019, Alemania) fikziozko film laburrak irabazi du. Zuzendariak 7.000 euroko saria eskuratu du.

Gure artekoen artean, euskal film labur dokumental bik hartu dituzte jaialdiko beste sari nagusiak: Aitor Arregiren eta Jose Mari Goenagaren Mateoren ama (2019, Euskadi) lanak Euskal Zinearen Sari Nagusia jaso du, eta Ana Sernaren eta Paula Iglesiasen Solo son peces (2019, Euskadi)  filmak Zine Espainiarraren Saria. Lan bakoitzak 6.000 euro eskuratuko ditu.

Generoen araberako Mikeldi Sariei dagokienez, nazioarteko epaimahaiak Sonia K. Hadaden Emtehan (Exam) (2019,  Iran) lanari eman dio fikziozko film labur onenaren Mikeldia. Animaziozko zinearen atalean, film labur onenaren Mikeldia Theodore Usheven Physique de la tristesse (The Physics of Sorrow) (2019,  Kanada) lanak eraman du, eta film labur dokumental onenaren Mikeldia Camila Katerren Carne (2019, Brasil / Espainia), lanak jaso du. Lan bakoitzak 5.000 euro jasoko ditu. Horrez gain, epaimahaiak aipamen berezia eman dio, Pilvi Takalaren The Stroker (2019, Finlandia) dokumentalari.

Zinebi First Film (ZIFF) Sariari dagokionez, Eloisa Solaas zinegilearen Las facultades (The Faculties) (2019, Argentina) lanak jaso du. Gainera, epaimahaiak aipamen berezi bi eman dizkie Jessica Sarah Rinlanden Those That, At A Distance, Resemble Another (2019, Espainia / Erresuma Batua) dokumentalari, eta Lendita Zegirajren Sphia e Agës (Aga´s House) (2019, Kosovo / Kroazia / Albania) fikzioari.

SGAE Fundazioak-Euskadiko Kontseiluak, bere aldetik, Josu Martínezen Anti (2019, Euskadi) fikziozko film laburrari eman dio 3.000 euroko Euskal Gidoi Onenaren saria. Ikus-entzuleen EiTB saria (3.000 eurokoa) Aline Höchli zuzendari suitzarraren Warum Schnecken Keine Beine Haben (Why Slugs Have No Legs) animaziozko film laburrak jaso du. FAS zine-klubak ematen duen 2.000 euroko saria Zazpi T´erdi kolektiboaren La vía flotante (2019, Euskadi) film laburrak irabazi du. Bukatzeko, UNICEF saria, Shoki Linen Adam  (2019, Singapur) animaziozko filmak jaso du.

Film ederrez giroturiko egun ederrak izan dira Zinebik antolatutakoak, eta saridunentzat, are bereziagoak. Zorionak!

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button